Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 7:3-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Zuretzat ere amaiera da orain: neure haserrea isuriko dut zure kontra, zeure jokabidearen arabera epaituko zaitut eta egintza higuingarri guztien kontu eskatuko.

4. Ez dizut errukirik izango, ezta barkatuko ere, zeure jokabideak merezitako ordaina emango dizut, eta zeure egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzu; orduan jakingo duzu ni naizela Jauna.

5. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zoritxarra zoritxarraren gain! Badator zoritxarra!

6. Amaiera dator, badator; gainean duzue amaiera, hor dator, hor!

7. Zuen txanda da, herrialde honetako biztanleok. Badator garaia, hurbil da eguna! Pozaren ordez izua izango da mendi gainetan.

8. Berehalaxe isuriko dut neure sumina zuen aurka, eta haserrea hustuko; zeuen jokabidearen arabera epaituko zaituztet eta egintza higuingarri guztien ordaina emango.

9. Ez dizuet errukirik izango, ezta barkatuko ere; zeuen jokabideak merezitako ordaina emango dizuet, eta zeuen egintza higuingarrien ondorioak jasan beharko dituzue; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna, zigortzen zaituztena».

10. Hau dio Jaunak: «Hona hemen eguna! Badator, iristear dago zuen txanda. Garatu egin da zabarkeria, harropuzkeria hedatu.

11. Indarkeria, gaiztoaren aginte-makila, nagusitu da. Baina honetatik guztitik ez da ezer geldituko; akabo horien burrunbada eta algarak.

12. Badator garaia, bertan da eguna! Eroslea ez dadila poz, saltzailea ez dadila atsekabe, guztiak harrapatuko baititu nire suminak.

13. Saltzaileak ez du bere salgaia berreskuratuko, nahiz eta bizirik egon, beteko baita herri osoaren aurka erabakitakoa. Inor ez da bizirik aterako bere gaiztakeriagatik.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 7