Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 48:1-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. «Hona hemen leinuen izenak, dagozkien zatiekin. Danen zatia iparraldeko muturrean dago, Hetlon, Hamateko sarrera eta Hatzar-Enonetik igarotzen den mugaren kontra, Damasko eta Hamat herrialdeen artean; ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino hedatzen da.

2-7. Eta jarraian, ondorengo leinu hauen zatiak, ekialdetik mendebaldera hedatuz, ordena honetan: Axer, Neftali, Manases, Efraim, Ruben eta Juda.

8. «Judaren zatiaren ondoren, ekialdeko mugatik Mediterraneo itsasoraino, Jaunarentzat bereizitako zatia egongo da: hamabi kilometro eta erdi izango da luze, leinu bakoitzaren zatia bezalaxe; erdian santutegia egongo da.

9. Jaunarentzat bereiziko den zatia hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta hamar zabal.

10. Eremu sakratu honetatik zati bat apaizentzako izango da: ekialdetik mendebaldera hamabi kilometro eta erdi izango da luze, eta bost kilometro zabal iparraldetik hegoaldera. Erdian nire santutegia egongo da.

11. Eremu hau apaiz sagaratuentzat, Tzadoken ondorengoentzat, izango da, zintzo bete baitzuten Jaunaren zerbitzua eta, lebitarrek ez bezala, ez zuten Jainkoa baztertu, israeldarrak harengandik aldendu zirenean.

12. Horregatik, Jaunarentzako bereizitako eremu guztiz sakratuaren zati bat dagokie, lebitarrenaren ondoan.

13. Lebitarren zatia apaizena bezalakoa izango da, hamabi kilometro eta erdi luze eta bost kilometro zabal.

14. Lurralde osoko alderdirik onena den horretan ezin izango da lurzatirik trukatu, ez saldu, ez laga, Jaunari sagaratua baita.

15. «Gainerako zatia, bi kilometro eta erdi zabal eta hamabi kilometro eta erdi luze, alde profanoa izango da, hiritarren bizileku eta abereen bazkaleku. Erdian hiria kokatuko da:

16. alde bakoitzetik bi mila berrehun eta berrogeita hamar metro dituen karratua izango da.

17. Hiriaren lau aldeetan ehun eta hogeita bost metro zabaleko hiri-lurrak izango dira.

18. Eremu sakratuaren ondoan, bost kilometro luzeko bi zati geldituko dira: bata hiriaren ekialdean, eta bestea mendebaldean. Zati horietako emaitzez, hirian lan egiten dutenak mantenduko dira.

19. Edozein leinutako israeldarrak etor daitezke hirira lanera.

20. Oro har, Jaunarentzat eta hiriarentzat bereiziriko zatia karratua izango da, hamabi kilometro eta erdi alde bakoitzetik.

21. Gainerakoa printzearentzat izango da. Hari dagokiona, eremu sakratu eta hiri-barruti izateko bereizitakoaren alde bietan egongo da: batetik, hamabi kilometro eta erdiko zati horren mugetatik ekialdeko mugaraino, eta, bestetik, Mediterraneo itsasoraino. Printzeari dagokion zati honen erdian egongo dira Jaunari sagaraturiko zatia eta santutegia,

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 48