Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 47:13-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Hau dio Jainko Jaunak: «Hona hemen, Israelgo hamabi leinuen artean banatuko duzuen lurraldearen mugak (Joseren ondorengoek bi zati hartuko dituzte).

14. Zati berdinetan banatuko duzue lurraldea. Zin eginez agindu nien zuen arbasoei beraiei emango niela eta, beraz, zuei dagokizue ondaretzat.

15. «Iparraldeko muga Mediterraneo itsasotik hasiko da, eta Hetlon, Hamateko sarrera eta Tzedadatik igarotzen den bideari jarraituko dio.

16. Gero, Berota eta Damasko eta Hamat herrialdeen arteko mugan dagoen Sibraim hirietatik joko du, eta Hatzer-Tikon hiriraino helduko, Haurango mugatik hurbil.

17. Horrela, iparraldeko muga Mediterraneo itsasotik Hatzar-Enon hiriraino iritsiko da, iparraldean Damasko eta Hamat herrialdeak dituelarik.

18. «Ekialdeko muga, Hauran eta Damasko artetik abiatuko da eta, Jordaneko ibarrari jarraituz, Galaad eta Israel lurraldeen artetik, Itsaso Hileraino eta Tamar hiriraino helduko da.

19. «Hegoaldeko muga, Tamar-etik Meriba-Kadexeko oasiraino iritsiko da, eta gero, Egiptoko errekari jarraituz, Mediterraneo itsasoraino.

20. «Mendebaldeko muga Mediterraneo itsasoa izango da, hegoaldeko mugatik Hamateko sarreraraino iparraldean.

21. «Hori da Israelgo hamabi leinuen artean banatuko duzuen lurraldea.

22. Zotz eginez banatuko duzue, zuen artean bizi diren eta seme-alabak izan dituzten etorkinak ahaztu gabe. Hauek jatorrizko israeldar bailiran hartuko dituzue, eta beren ondare-zatia hartuko dute Israelgo leinuen artean.

23. Etorkinak, bizi deneko leinuaren baitan izango du bere zatia. Nik, Jainko Jaunak, esana.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 47