Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 47:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Ondoren, tenpluko sarrerara eraman ninduen gizonak. Ura ikusi nuen tenpluko ate azpitik irten eta ekialdera joaten, tenplua ekialdera begira baitzegoen. Ura tenpluaren hegoaldetik, aldarearen hegoaldetik, behera isurtzen zen.

2. Gizonak tenplutik irtenarazi ninduen iparraldeko atetik, eta kanpotik itzulia eginarazi zidan ekialdeko sarreraraino. Eskuinaldetik zihoan ura isurian.

3. Ekialderantz egin zuen gizonak, eta eskuan zeukan kordeltxoaz bostehun metro neurtu zituen. Gero, uretatik pasarazi ninduen: orkatilaraino iristen zitzaidan.

4. Beste bostehun metro neurtu eta berriro uretatik pasarazi ninduen: belauneraino iristen zitzaidan. Beste bostehun metro neurtu eta berriro pasarazi ninduen: gerriraino iristen zitzaidan.

5. Beste bostehun metro neurtu zituen: pasaezineko erreka zen, hain baitziren handiak urak; erreka hura ezin nuen igerian baizik pasatu.

6. Esan zidan: «Ikusi al duzu, gizaseme?» Orduan, erreka-ertzetik itzularazi ninduen.

7. Itzultzean, errekaren alde bietan zuhaitz asko zegoela ohartu nintzen.

8. Esan zidan gizonak: «Ur hauek ekialdera doaz, Araba haraneraino jaisten dira eta Itsaso Hilean amaitzen. Itsasoratzean, hango ur ustelak ondu egingo dituzte.

9. Erreka helduko den edonon, mota guztietako piztiak biziko dira eta arrain asko izango; itsasoko urak on bihurtuko dira, eta bizia sortuko du doan leku guztietan.

10. Arrantzaleak izango dira ur-bazterrean eta En-Geditik En-Eglaimeraino sareak jarriko dituzte lehortzen, eta han Mediterraneo itsasoan bezain ugari izango dira arrainak.

11. Baina aintzira eta padurak ez dira gezatuko, gatzaga izaten jarraituko dute.

12. Errekaren bi ertzetan, mota guztietako fruta-arbolak haziko dira; ez zaizkie hostoak sekula zimelduko, eta etengabe emango dituzte fruituak, hilero emanaldi bat, santutegitik ateratzen den urak ureztatzen baititu. Fruituak elikagai izango dira, eta hostoak sendagai».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 47