Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 44:2-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Esan zidan Jaunak: «Ate honek itxirik jarraitu behar du; ez da irekiko; ez da hortik inor sartuko, ni, Jauna, Israelen Jainkoa, sartu bainaiz hortik. Itxirik jarraituko du, beraz.

3. Baina karguan dagoen printzea sar daiteke hortik otordu sakratua nire aurrean egitera. Atalondotik sartuko da eta bide beretik irtengo».

4. Gero, iparraldeko atetik tenpluaren aurrera eraman ninduen gizonak. Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuela ikusi nuen, eta ahuspez erori nintzen.

5. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, jarri arreta, begira erne eta entzun adi tenpluari buruz emango dizkizudan lege eta arau guztiak; hartu gogoan, batez ere, tenpluan sartzeko eskubideari buruzkoak.

6. «Adierazi israeldarrei, herri errebelde horri, nire, Jainko Jaun honen, mezua: Israeldarrok, aski da! Gehiegizkoak dira zuen egintza higuingarriak.

7. Nire tenplua profanatzen ari zarete, oparietan neuri dagokidana —gantzak eta odola— eskaintzean, atzerritarrak, jende erdaingabe eta sinesgogor hori, bertara sarraraziz; horrela, nire ituna hautsi duzue zeuen jokabide higuingarriarekin.

8. Nire santutegiko liturgi zerbitzua bera ere atzerritarren esku utzi duzue.

9. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Berriro ez da atzerritarrik, jende erdaingabe eta sinesgogorrik, nire santutegira sartuko, nahiz eta israeldarren artean bizi.

10. «Lebitarrei dagokienez, berriz, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte; horiek ere baztertu egin baininduten, Israel herria niregandik aldendu zenean berorren idoloen atzetik joateko.

11. Horiek tenpluko ateak zaintzeaz arduratuko dira, eta beste zenbait zerbitzu beteko; beroriek hilko dituzte erre-oparietako abereak eta herriaren beste sakrifizioetakoak; herriaren zerbitzura egongo dira.

12. Izan ere, herriaren zerbitzura egon dira idoloak gurtzean, israeldarrei bekatu eraginez; horregatik, berorien kontra ekingo diot, beren erruaren ondorioak jasan beharko dituzte. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

13. Ez dira niregana hurbilduko apaiz-zerbitzuan jarduteko, ezta nire gauza sakratuetara ere hurbilduko, eta are gutxiago guztiz sakratu direnetara. Izan duten jokabide higuingarriaren ondorio lotsagarriak jasan beharko dituzte.

14. Tenpluaren funtzionamendurako beharrezko diren zeregin arrunten ardura izango dute.

15. «Apaiz lebitarrek, Tzadoken ondorengoek, ordea, zintzo bete zuten nire santutegiko zerbitzua, israeldarrak niregandik aldendu zirenean. Beraz, horiek hurbilduko zaizkit zerbitzatzera eta oparietako gantzak eta odola aurkeztera. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 44