Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36
  37. 37
  38. 38
  39. 39
  40. 40
  41. 41
  42. 42
  43. 43
  44. 44
  45. 45
  46. 46
  47. 47
  48. 48

Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 43 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Jauna tenplura itzuli

1. Ekialdera dagoen aterantz eraman ninduen gizonak.

2. Eta Israelen Jainkoaren aintza ikusi nuen ekialdetik etortzen, ur handiena bezalako burrunbaz; haren aintzaren distirak lurra argitzen zuen.

3. Ikuskari hura Jerusalem suntsitzera etorri zenean izan nuena bezalakoa zen, Kebar ibaiaren ondoan izana bezalakoa. Orduan, ahuspez erori nintzen.

4. Jaunaren aintza tenplura sartu zen ekialdeko atetik.

5. Jainkoaren espirituak gora jaso eta barneko atarira eraman ninduen: Jaunaren aintzak tenplua betetzen zuen.

6. Artean gizona nire ondoan zegoela, norbaitek tenplu barrutik hitz egiten zidala ohartu nintzen.

7. Esan zidan: «Gizaseme, nire tronuaren lekua da hau, oinak jartzen ditudan lekua; hemen biziko naiz israeldarren erdian betiko. Ez herriak, ez erregeek, ez dute berriro nire izena desohoratuko, idolatria eginez edo beren erregeen gorpuak hemen hilobiratuz.

8. Erregeen jauregia atez ate zegoen nire tenpluaren kontra, haien eta nire artean horma bat besterik ez zegoelarik; horrela, nire izen santua desohoratu zuten beren egintza higuingarrien bidez, eta suntsitu egin nituen neure haserre-suminaz.

9. Baina orain, ez dute israeldarrek idolatria gehiago egingo eta beren erregeen gorpuak urrundu egingo dituzte niregandik, eta ni berorien artean biziko naiz betiko.

10. «Zuk, gizaseme, esan israeldarrei nolakoa izan behar duen tenpluak, beren erruez lotsa daitezen. Eraikuntza-planaz ohartzean,

11. lotsa izango dira egin duten guztiaz. Ezagutaraz iezazkiezu tenpluaren egitura eta banaketa, sarrera-irteerak eta antolamendu osoa; jakinarazi eta eman idatziz tenpluari buruzko lege eta arauak, arretaz bete ditzaten.

12. Hona hemen tenpluari buruzko lege nagusia: Mendi-gainean, tenplua inguratzen duen esparru osoa guztiz sakratua da».

Aldarea eta sakrifizioak

13. Hona hemen aldarearen neurriak, orain arteko neurketa-unitate berberaz hartuak. Aldare inguruan erretena zegoen, sakon eta zabal metro erdi zena; ertzeko zintarria metro laurdena zen gora, eta ertzaren eta aldarearen artean metro erdiko tartea zegoen. Aldarearen altuera,

14. metro batekoa zen zoruan zegoen oinarritik lehen plataformaraino; hau metro erdi bat zen zabal. Bi metroko altuera zegoen plataforma hartatik hurrengora, hura ere metro erdi bat zabal zelarik.

15. Goiko plataformara ere, sutegia zegoenekora, bi metro zeuden; lau ertzetan, adar moduko batzuk zeuden gorantz.

16. Sutegia karratua zen, sei metrokoa alde bakoitzetik.

17. Plataforma ere karratua zen, zazpi metrokoa alde bakoitzetik; kanpoaldetik metro laurdeneko zintarria zuen eta inguru guztian metro erdiko zanga. Ekialdetik zeuden hara iristeko harmailak.

18. Esan zidan Jaunak: «Gizaseme, hau diot nik, Jainko Jaunak: Hona hemen aldareari buruzko arauak, sakrifizioak eskaini eta oparigaien odola isurtzeko eraikiko den egunerako.

19. Zezen bat emango diezu apaiz lebitarrei —Tzadoken ondorengoei, nire liturgi zerbitzurako nik, Jainko Jaunak, izendaturikoei—, barkamen-oparia eskaintzeko.

20. Zuk oparigaiaren odola hartu eta aldareko lau adarrak zipriztinduko dituzu, plataformetako lau kantoiak eta inguruko zintarri guztia. Horrela garbitu eta sagaratuko duzu aldarea.

21. Gero, barkamen-opariko zezena hartu eta erre egingo duzu horretarako ezarritako lekuan, santutegitik kanpo.

22. Bigarren egunean, akats gabeko ahuntz bat eskainiko duzu barkamen-oparitzat, eta aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo duzu, zezenarekin bezalaxe.

23. Behin garbikuntza-ohikunea amaituta, hartu akats gabeko zezen bat eta ahari bat

24. eta niri, Jaunari, eskainiko dizkidazu. Apaizek beraien gainera gatza bota eta erre-oparitzat eskainiko dituzte nire ohorez.

25. Zazpi egunez, ahuntz, zezen eta ahari bana eskainiko dituzu egunero, denak akats gabeak, barkamen-oparitzat.

26. Zazpi egunez, aldarearen garbikuntza-ohikunea egingo da, garbi eta sagaratua geldi dadin.

27. Behin astea igaro ondoren, zortzigarren egunetik aurrera, zuen erre-opariak eta elkartasun-opariak eskainiko dituzte apaizek aldarean, eta nik begiko izango zaituztet. Nik, Jainko Jaunak, esana».