Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 40:35-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. Gero, iparraldeko sarrerara eraman ninduen; sarrera neurtu, eta besteen neurrikoa zen.

36. Bazituen zaingelak, hormak, atalondoa eta, inguruan, leihoak. Sarrera hogeita bost metro zen luze eta hamabi eta erdi zabal.

37. Atalondoak kanpoko atarirantz jotzen zuen; hormek palmondoak zituzten alde banatan zizelkatuta. Zortzi harmaila igo behar ziren sarrerara iristeko.

38. Gela bat zegoen sarrerako atalondora jotzen zuena: han garbitzen ziren erre-oparitarako abereak.

39. Sarrerako atalondoan bina mahai zeuden alde bietan, eta haietan hiltzen ziren erre-oparitarako nahiz barkamen- eta ordain-oparitarako abereak.

40. Iparraldeko atearen sarreran, atalondotik kanpo, baziren beste lau mahai ere, bina alde bietan.

41. Beraz, lau mahai zeuden sarreraren barnealdean, eta lau kanpoaldean: zortzi guztira, abereak hiltzeko erabiltzen zirenak.

42-43. Erre-oparitarako abereak hiltzeko lau mahaiak harlanduzkoak ziren: hirurogeita hamabost zentimetro ziren luze-zabal eta berrogeita hamar gora; mahai gainean oparigaiak ipintzen ziren. Gelaren bira guztian sei zentimetroko apaltxo bat zegoen, eta bertan ipintzen zen oparitarako abereak hiltzeko tresneria.

44. Gizonak barneko atarira eraman ninduen, non bi gela baitzeuden: bata iparraldeko sarreraren ondoan, hegoaldera jotzen zuena, eta bestea hegoaldeko sarreraren ondoan, iparraldera jotzen zuena.

45. Eta esan zidan gizonak: «Hegoaldera begira dagoen gela hau tenpluko zerbitzuaz arduratzen diren apaizentzat da,

46. eta iparraldera begira dagoena aldareko zerbitzuaz arduratzen direnentzat; hauek Tzadoken ondorengoak dira, lebitarren artetik Jaunaren zerbitzurako aukeratuak».

47. Gizonak barneko ataria neurtu zuen: karratua zen, berrogeita hamar metro luze-zabal. Aldarea tenplu aurrean zegoen.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 40