Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 40:1-9 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Gure erbestealdiko hogeita bosgarren urtean, urtearen hasieran, hilaren hamarrean, Jerusalem erori zela hamalau urte bete ziren egun berean, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz.

2. Jainkozko ikuskaritan Israel lurraldera eraman eta mendi garai baten gainean utzi ninduen, eta haren gailurrean, hegoaldera, eraikin-multzo bat zegoen, hiri baten antzekoa.

3. Hara eraman ninduen, eta gizon bat ikusi nuen, brontzezkoa zirudiena. Lihozko kordela eta neurtzeko makila zeuzkan eskuan; zutik zegoen ate ondoan.

4. Esan zidan gizonak: «Gizaseme, begira erne, entzun adi eta jarri arreta erakutsiko dizudan guztiari, erakuts diezazudan ekarri baitzaituzte hona. Gero, kontatu israeldarrei ikusiko duzun guztia».

5. Tenplua ikusarazi zidan: bira osoan harresiz inguratua zegoen. Gizonak eskuan zeukan makila hiru metrokoa zen; harresia neurtu, eta hiru metroko lodiera eta hiru metroko altuera zuen.

6. Ekialdera dagoen sarrerara joan, harmailak igo eta atalasea neurtu zuen: hiru metro zen zabal.

7. Alde bietan, zaingelak zeuden: hiru metro ziren luze eta hiru metro zabal, eta gelatik gelara, bi metro eta erdiko tartea zegoen. Atalasea barnealdetik, atalondo aldera, hiru metro zen zabal.

8. Gero, atalondoa neurtu zuen gizonak:

9. lau metroko sakonera zuen, eta kanpoko hormek metro bateko lodiera. Sarrerako azken lokala zen, tenplurantz.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 40