Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 36:26-38 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango.

27. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz.

28. Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

29. Zeuen kutsadura guztietatik libratuko zaituztet, garia erne eta ugalaraziko dut, ez dizuet berriro gosea pasatzen utziko.

30. Arboletako fruituak eta soroetako uztak ugalaraziko ditut, beste nazioen aurrean gosearen lotsa jasan beharrik izan ez dezazuen.

31. Zeuen jokabide gaiztoa eta egintza txarrak gogoratuko dituzue; zeuen buruaz nazka sentituko duzue zeuen erru eta jokabide higuingarriengatik.

32. Hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Jakizue ongi, ez dut honela zuengatik jokatzen. Israeldarrok, zeuek egon behar duzue lotsaz gorri zeuen jokabideagatik.

33. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuen erru guztietatik garbituko zaituztedanean, hiri hondatuak berreraiki eta bizilagunez beteko ditut.

34. Berriro landuko dira lur hondatuak eta bidaiariek ez dute aurrerantzean lur landugaberik ikusiko.

35. Orduan esango dute: “Hondatua zegoen lurralde hau Edengo baratzea bezala dago orain. Hondatuak, erraustuak eta eroriak zeuden hiriak gotorturik daude eta jendez beterik”.

36. Eta zuen inguruan gelditutako herriek orduan jakingo dute ni naizela Jauna, hiri eroriak berreraiki eta lur erraustuak berriro landatzen dituena. Nik, Jaunak, esandakoa bete egiten dut.

37. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Gainera, laguntza eske niregana etortzen utziko diet israeldarrei eta artaldea bezala ugalaraziko ditut.

38. Festaburuetan Jaunari sagaratzeko Jerusalemera eramaten diren ardiak bezain ugari izango dira hiri hondatuak beteko dituzten gizataldeak; orduan jakingo dute denek ni naizela Jauna».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 36