Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 36:21-33 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen.

22. Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik.

23. Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

24. Nazio eta herrialde horietatik guztietatik bilduko zaituztet, eta zeuen lurraldera eramango.

25. Ur garbiz zipriztinduko zaituztet eta garbi geldituko zarete; zuen kutsadura eta idolatria guztietatik garbituko zaituztet.

26. Bihotz berria emango dizuet eta espiritu berria ezarriko: harrizko bihotza kenduko dizuet eta haragizkoa emango.

27. Neure espiritua ezarriko dut zuengan, nire legeen arabera jokatzeko eta nire aginduak arretaz betetzeko gai bihurtuz.

28. Zuen arbasoei eman nien lurraldean biziko zarete; nire herri izango zarete eta ni zuen Jainko.

29. Zeuen kutsadura guztietatik libratuko zaituztet, garia erne eta ugalaraziko dut, ez dizuet berriro gosea pasatzen utziko.

30. Arboletako fruituak eta soroetako uztak ugalaraziko ditut, beste nazioen aurrean gosearen lotsa jasan beharrik izan ez dezazuen.

31. Zeuen jokabide gaiztoa eta egintza txarrak gogoratuko dituzue; zeuen buruaz nazka sentituko duzue zeuen erru eta jokabide higuingarriengatik.

32. Hau diotsuet nik, Jainko Jaunak: Jakizue ongi, ez dut honela zuengatik jokatzen. Israeldarrok, zeuek egon behar duzue lotsaz gorri zeuen jokabideagatik.

33. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeuen erru guztietatik garbituko zaituztedanean, hiri hondatuak berreraiki eta bizilagunez beteko ditut.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 36