Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 36:14-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Baina aurrerantzean ez duzu gizakirik irentsiko, ezta herria jenderik gabe utziko ere. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

15. Ez duzu entzun beharko atzerritarren irainik, ezta beste herrien isekarik jasango ere; ez duzu zeure herria jenderik gabe utziko. Nik, Jainko Jaunak, esana».

16. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

17. «Gizaseme, artean beren herrialdean bizi zirenean, israeldarrek kutsatu egin zuten lurraldea beren jokabide eta egintza txarrez; kutsatua zen haien portaera, hilerokoan botatako odola bezain kutsatua.

18. Beraz, odola isuri eta herrialdea idolatriaz kutsatu zutelako, neure sumina isuri nuen haien gainera.

19. Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatu nituen, beren jokabide eta egintza txarren arabera epaitu.

20. Eta nazio haietara iritsi zirenean ere, nire izen santua belztu zuten, jendea zera esatera bultzatuz: “Jaunaren herria dira, baina beren lurraldetik irten behar izan dute!”

21. Orduan, neure izen santua garbitu nahi izan nuen, israeldarren erruz, beraiek zeudeneko nazioetan belztua baitzegoen.

22. Beraz, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Ez dut hau zuengatik, israeldarrongatik, egiten, baizik eta zuek egon zareteneko nazioetan belztu duzuen nire izenaren ohoreagatik.

23. Nazio horietan egon bitartean zuek belztutako neure izen handiaren santutasuna agertuko dut beraien aurrean. Eta zuen bidez nire santutasuna beraien aurrean agertuko dudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 36