Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 34:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, hitz egin nire izenean Israelgo artzainen kontra eta adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zoritxarrekoak beren buruak bazkatzen dituzten Israelgo artzainak! Ez ote da artaldea artzainek bazkatu beharrekoa?

3. Ardikiz elikatzen zarete, artilez janzten eta arkumerik ederrenak hiltzen dituzue, baina ez duzue artaldea zaintzen.

4. Ez dituzue ardi ahulak indartzen, ez gaixoa sendatzen, ezta hanka lotu ere hautsia duenari; ez duzue desbideratua artaldera ekartzen, ezta galdutakoaren bila joaten ere, baizik eta indarrez eta gogorkeriaz ezarri diezue zeuen agintea.

5. Artzain gabe, ardiak sakabanatu egin dira eta basapiztien harrapakin bihurtu.

6. Mendi eta muinoetan noraezean dabil nire artaldea; lurralde osoan dago sakabanatua, eta inor ez da berorretaz arduratu eta bila joaten.

7. Horregatik, artzainok, entzun nire, Jainko Jaun honen, mezua:

8. Ala ni, Jainko Jauna! Nire artaldea larrutua eta basapiztia guztien harrapakin izan da artzainik ez zuelako, eta artzainak ez dira nire artaldeaz arduratu; aitzitik, artzainek beren buruak zaindu dituzte eta ez nire artaldea;

9. beraz, artzainok, entzun nik, Jainko Jaunak, diodana:

10. Artzainen kontra ekingo diot: neure artaldea itzultzera behartuko ditut eta artzain-kargutik botako, ez dituzte aurrerantzean beren buruak bazkatuko; horien hortz artetik aterako ditut ardiak eta ez dituzte berriro elikagai izango.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 34