Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 32:21-31 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. Hildakoen Egoitzan, heroirik adoretsuenek esango dute: “Jaitsi da Egipto bere aliatuekin eta hemen dautza sinesgabe horiek, gerran hilak”.

22. «Han datza Asiriako erregea, bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak.

23. Hildakoen tokiko barrunbeetan daude asiriarren hilobiak, erregearenaren inguruan; gerran eroriak dira denak, bizidunen artean izu-ikara ezartzen zutenak.

24. «Han datza Elamgo erregea bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak. Sinesgabe horiek, bizien artean izu-ikara ezartzen zutenak, lur azpiko mundura jaitsi dira, desohorez beterik, hildakoekin elkartzera.

25. Elamgo erregea gerran hildakoen artean datza, bere gerlarien hilobiez inguratua. Gerran hilak dira sinesgabe horiek guztiak. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean; denak desohorez beterik dautza hildako guztiekin batera, gerran hildakoen artean.

26. «Han dautza Mexek eta Tubalgo erregeak ere, beren gerlari guztien hilobiez inguratuak; gerran hilak dira sinesgabe horiek. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean.

27. Ez daude antzina eroritako heroiekin, beren armaz horniturik Hildakoen Egoitzara jaitsi zirenekin; hauei ezpata burupean eta babeskia bular gainean jarri zizkieten. Heroi hauek ere bizidunen artean izu-ikara ezarri zuten.

28. Baina zuk, Egipto, sinesgabeen artean joko duzu lur, eta gerran hildakoekin geldituko zara etzanda.

29. «Han datza Edom ere: bertako errege eta buruzagiak oso ahaltsuak izan arren, fedegabeekin, gerran hildako guztiekin batera daude.

30. «Han daude iparraldeko herrien buruzagi guztiak, baita sidondar guztiak ere. Izu-ikara ezartzen zuten, baina orain gerran hildakoekin dautza sinesgabe horiek, desohorez beterik eta beren egintzengatik lotsatuak; hildako guztiekin batera daude.

31. «Jendetza hori ikustean, kontsolatu egingo da faraoia bere gudarostea gerran galdu izanaz. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 32