Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 32:17-29 Elizen Arteko Biblia (EAB)

17. Hamabigarren urtean, hilaren hamabostean, honela mintzatu zitzaidan Jauna:

18. «Gizaseme, kanta eresia Egiptoko jende guztiarengatik eta jaitsarazi bera eta munduko beste nazio ahaltsuak lur azpiko mundura, hildakoekin elkartzera.

19. «Besteak baino hobea ote zara, bada? Etzan zu ere hilobian fedegabeekin,

20. gerran hildakoekin batera. Prest dago ezpata, atera dute Egiptoren eta bertako jendearen aurka.

21. Hildakoen Egoitzan, heroirik adoretsuenek esango dute: “Jaitsi da Egipto bere aliatuekin eta hemen dautza sinesgabe horiek, gerran hilak”.

22. «Han datza Asiriako erregea, bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak.

23. Hildakoen tokiko barrunbeetan daude asiriarren hilobiak, erregearenaren inguruan; gerran eroriak dira denak, bizidunen artean izu-ikara ezartzen zutenak.

24. «Han datza Elamgo erregea bere gerlari guztien hilobiez inguratua; gerran hilak dira denak. Sinesgabe horiek, bizien artean izu-ikara ezartzen zutenak, lur azpiko mundura jaitsi dira, desohorez beterik, hildakoekin elkartzera.

25. Elamgo erregea gerran hildakoen artean datza, bere gerlarien hilobiez inguratua. Gerran hilak dira sinesgabe horiek guztiak. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean; denak desohorez beterik dautza hildako guztiekin batera, gerran hildakoen artean.

26. «Han dautza Mexek eta Tubalgo erregeak ere, beren gerlari guztien hilobiez inguratuak; gerran hilak dira sinesgabe horiek. Izu-ikara ezartzen zuten bizidunen artean.

27. Ez daude antzina eroritako heroiekin, beren armaz horniturik Hildakoen Egoitzara jaitsi zirenekin; hauei ezpata burupean eta babeskia bular gainean jarri zizkieten. Heroi hauek ere bizidunen artean izu-ikara ezarri zuten.

28. Baina zuk, Egipto, sinesgabeen artean joko duzu lur, eta gerran hildakoekin geldituko zara etzanda.

29. «Han datza Edom ere: bertako errege eta buruzagiak oso ahaltsuak izan arren, fedegabeekin, gerran hildako guztiekin batera daude.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 32