Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 31:11-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

11. zapuztu egin dut eta munduko erregerik ahaltsuenaren esku utzi, beraren gaiztakeriak merezi bezala erabil dezan.

12. Atzerritarrek, nazioen arteko ankerrenek, eraitsi dute eta bertan behera utzi mendietan. Haren adar hostotsuak haran eta erreka-zuloetara erori dira hautsita; haren gerizpean bizi ziren herriek ihes egin eta bakarrik utzi dute.

13. Hegazti guztiak pausatu dira enbor erorian, basapiztiak gorde haren adar artean.

14. Hau dena, ur-bazterreko zuhaitzik hodeietaraino goratu ez dadin gertatu da, eta ongi ureztaturiko arbolarik besteen gain altxa ez dadin. Izan ere, denek hil behar baitute, gizakiek bezalaxe, eta lur azpiko mundura joan, hildakoen tokian daudenekin elkartzera.

15. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zedroa Hildakoen Egoitzara jaitsi zen egunean, dolu eragin nion naturari: itsas leizea itxi nuen, haren ur-lasterrak eta ur handiak geldiaraziz; beragatik Libano mendia ilundu nuen, eta landa zabaleko zuhaitzak ihartu.

16. Hildakoekin elkartzera Hildakoen Egoitzara jaitsarazi nuenean, haren erorketaren burrunbaz dardara eragin nien nazioei. Lur azpiko munduan, Edengo zuhaitz guztiak, Libanoko aukeratuen eta ederrenak, ongi ureztatuak, poztu egin ziren haren kontura.

17. Hauek ere, berarekin batera, Hildakoen Egoitzara jaitsi ziren, gerran hildakoak bezalaxe; haren euskarri ziren eta haren gerizpean bizi ziren nazioen artean.

18. Edengo zuhaitzen artean, zein zu bezalakoa ospe eta handitasunean? Halere, Edengo zuhaitzekin batera bota zaituzte lur azpiko mundura; sinesgabeen artean zaude, gerran hildakoekin batera. Hauxe da faraoiaren eta haren jendetzaren amaiera. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 31