Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 30:21-26 Elizen Arteko Biblia (EAB)

21. «Gizaseme, nik hautsi dut Egiptoko errege faraoiaren besoa, eta inork ez dio lotu eta sendatu, indarberriturik ezpata hartu ahal izan dezan berriro.

22. Beraz, hau diot nik, Jainko Jaunak: Egiptoko errege faraoiaren kontra nator. Bi besoak hautsiko dizkiot, ongi duena eta jadanik hautsia duena, eta ezpata eroraraziko diot eskutik.

23. Atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatuko dut Egipto.

24. Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut eta neure ezpata jarriko diot eskuan; faraoiari, berriz, besoak hautsiko dizkiot, eta hilzorian intziri egingo du haren aurrean.

25. Babiloniako erregearen besoak indartuko ditut, faraoiarenak ahulduta eroriko diren bitartean. Nire ezpata Babiloniako erregearen eskuan jarri eta hark Egiptoren kontra astinduko duenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna.

26. Egiptoarrak atzerriko nazio eta herrialdeen artean sakabanatuko ditudanean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 30