Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 3:19-27 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Aitzitik, zuk gaiztoa ohartarazi eta ez bada gaiztakeriatik eta jokabide txarretik aldentzen, hil egingo da bere erruarengatik, baina zuk onik aterako duzu zeure bizia.

20. Zintzoari, zuzentasunetik aldendu eta bidegabekeria egiten badu, estropezu eragingo diot eta hil egingo da; ohartarazi ez duzunez, hil egingo da bere erruarengatik eta ez diot aurreko jokabide zuzena kontuan hartuko; baina zuri eskatuko dizut haren heriotzaren kontu.

21. Aitzitik, bekatu egin ez dezan zintzoa ohartarazten baduzu, eta benetan ez badu egiten, bizirik jarraituko du ohartarazi duzulako, eta zeuk ere onik aterako duzu bizia».

22. Orduan, Jaunaren indarra jabetu zen nitaz eta esan zidan: «Altxa, irten haranera eta han hitz egingo dizut».

23. Altxatu eta haranerantz irten nintzen; eta hantxe zegoen Jaunaren aintza, Kebar ibai ondoan ikusia nuena bera. Ahuspez erori nintzen;

24. baina Jaunaren espirituak niregana sartu eta zutitu egin ninduen; orduan, esan zidan Jaunak: «Gelditu zeure etxean itxita.

25. Hara, gizaseme! Jendeak sokaz lotu-lotu egingo zaitu eta ezin izango zara atera.

26. Mihia ahosabaiari erantsia utziko dizut eta mutu geldituko zara; ezin izango duzu berriz jende errebelde hori zentzatu.

27. Baina hitz egingo dizudanean, zabalduko dizut ahoa eta nire, Jainko Jaun honen, mezua adieraziko diezu. Entzun nahi duenak entzun dezala, eta nahi ez duenak ez, herri errebeldea baita».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 3