9. horregatik, Moabeko mugei erasoko diet eta hiririk gabe utziko, herrialdeko hiri preziatuenak ere suntsituz: Bet-Jeximot, Baal-Meon eta Kiriataim.
10. Amondarrez bezalaxe, moabdarrez ere jabetuko dira ekialdeko leinuak, eta ez da beraien oroitzapenik ere geldituko nazioen artean.
11. Zigor-epaia beteko dut Moaben kontra, eta orduan jakingo dute ni naizela Jauna.
12. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Edom Judaren kontra gogor mendekatu da eta errudun bihurtu;
13. horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Edomen kontra ekingo diot, gizakiak eta abereak erauzi eta herrialdea hondamendi bihurtuko dut; Temandik Dedaneraino denak guduan hilko dira.
14. Edomen aurkako mendekua neure herri Israelen bidez burutuko dut: nire haserre-suminaren arabera erabiliko dut Edom; orduan ezagutuko dute nire mendekua. Nik, Jainko Jaunak, esana.
15. «Hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearrek mendekuz jokatu dute, gogor eta mespretxu biziz mendekatu dira, beren betidaniko etsaiak suntsitzeraino;
16. horregatik, hau diot nik, Jainko Jaunak: Filistearren kontra ekingo diot, keretarrak erauziko ditut eta itsasertzeko gainerako herriak suntsituko.
17. Gogor mendekatuko naiz beraien kontra, zigor-sumina jasanaraziko diet, eta beraien aurka mendekatuko naizenean, orduan jakingo dute ni naizela Jauna».