Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 23:13-24 Elizen Arteko Biblia (EAB)

13. Eta kutsatua zegoela ikusi nuen, biak bide beretik zebiltzala.

14. Oholibak areagotu egin zituen bere lizunkeriak: horman marrazturiko gizon-irudiak ikusi zituen, babiloniarren irudiak gorriz margotuak;

15. gerrian uhalak eta buruan durbanteak zituzten, eta gerlari bikainen itxura guztiek ere; babiloniar jatorren irudiak ziren.

16. Ikusteaz bat maitemindu zen haietaz eta mezulariak bidali zizkien Babiloniara.

17. Orduan, babiloniarrak etorri egin ziren berarekin oheratzeko eta kutsatu egin zuten beren lizunkeriez; baina haiekin kutsatu ondoren, nazka hartu zien.

18. Agerian utzi zuen bere emagaldu-izaera, agerian bere gorputz biluzia; orduan, nazka bizia hartu nion, haren ahizpari hartua nion bezalaxe.

19. Are gehiago ugaritu zituen lizunkeriak, gaztetan Egipton prostituzioan jardun zueneko egunak gogoratuz.

20. Bere ohaideez, astar eta zaldiak baino ere beroagoak ziren lizun haietaz, maitemindua zebilen.

21. «Zeure gaztaroko likiskerietara jo duzu berriro, Egipton zure bularrak laztandu eta altzoa ferekatzen zizuten garaietara.

22. Beraz, Oholiba, hau diotsut nik, Jainko Jaunak: Horra, zure kontra xaxatuko ditut maitaleak, zuretzat nazkagarri izatera iritsi diren horiek; alde guztietatik ekarriko ditut zure aurka:

23. babiloniarrak eta Pekod, Xoa eta Koako leinuak, eta berauekin asiriar guztiak, gazte ederrak, gobernari eta agintariak, gerlari bikain eta zaldun trebeak.

24. Iparraldetik erasoko dizute gudaroste handiz eta mota guztietako guda-gurdiz. Ezkutuz eta buru-oskolez ongi babesturik inguratuko zaituzte. Beraien esku utziko dut auzia eta beren legeen arabera epaituko zaituzte.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 23