Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 23:1-12 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

2. «Gizaseme, baziren bi emakume, ama beraren alabak.

3. Egipton prostituzioan hasi ziren, oso gazterik. Han laztandu zizkieten bularrak, eta altzo birjina ferekatu.

4. Zaharrenak, Samariak, Ohola zuen izena, eta gazteenak, Jerusalemek, Oholiba. Gero, nireak izan ziren eta seme-alabak izan zituzten.

5. Oholak prostituzioan jardun zuen nirea izan arren; maitemindu egin zen bere maitaleez; asiriar gerlariak ziren denak:

6. purpuraz jantzitako gobernari eta agintariak, gazte bikain eta zaldun trebeak.

7. Asiriarren arteko hoberenei eman zizkien bere mesedeak, eta bere maitaleen idolo guztiekin kutsatu zen.

8. Jarraitu egin zuen Egipton hasitako lizunkeriekin; han gaztetan egin zuten larrutan berarekin, eta altzo birjina ferekatu lizunkeriak eginez.

9. Horregatik, bere maitaleen esku utzi nuen, bere amorante asiriarren esku.

10. Larrugorritan utzi zuten, seme-alabak kendu eta bera ezpataz hil zuten. Emakumeentzako ikasbide bihurtu zen, eman zioten zigorrarengatik.

11. «Ahizpa Oholibak ikusi zuen hura guztia, baina are biziotsuagoa izan zen eta ahizpak baino ere lizunkeria okerragoak egin zituen.

12. Asiriarrez maitemindu zen; gobernari eta agintariak, dotore jantzitako gerlariak, zaldun trebe eta gazte bikainak ziren denak.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 23