Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 20:30-41 Elizen Arteko Biblia (EAB)

30. «Horregatik, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek ere kutsatu egin zarete gurasoen jokabideari jarraituz; beraien idolo higuingarriak gurtuz, desleial izan zarete:

31. zeuen oparigaiak eskaini dizkiezue, zeuen seme-alabak haien ohorez erre. Zeuen idolo guztiekin kutsatu zarete gaur arte, eta zuek, israeldarrok, niri kontsulta egitea onartu behar al dut? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten.

32. «Zuen buruetan dagoena ez da inoiz gertatuko. Beste herrialdeetako nazio eta leinuak bezalako izatea nahi duzue, zurezko eta harrizko jainkoak zerbitzatuz.

33. Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ahalmen handiz, esku indartsuz eta neure sumina isuriz erreinatuko dudala zuen gain.

34. Herrien artetik aterako zaituztet eta sakabanaturik zaudeteneko herrialdeetatik bilduko ahalmen handiz, esku indartsuz eta neure sumina isuriz.

35. Basamortura eramango zaituztet herrietatik aparte eta han aurrez aurre epaituko.

36. Zuen gurasoak Egipto ondoko basamortuan epaitu nituen bezala, hala egingo dut zuekin. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

37. Neure artzain-makilapera ekarriko zaituztet eta itun-uztarrian sarraraziko.

38. Nire aurka altxatzen diren erreboltariak kendu egingo ditut zuen artetik; erbesteraturik daudeneko herrialdetik aterako ditut, baina ez dira Israelen sartuko; orduan jakingo duzue ni naizela Jauna.

39. «Zuei buruz, israeldarrok, hau diot nik, Jainko Jaunak: Joan dadila nor bere idoloen zerbitzura; baina gero, egingo duzue, bai, nik esana, ez duzue nire izen santua belztuko zeuen idolatriazko opariekin.

40. Han, herrialdeko nire mendi santuan, Israelgo mendi handiaren gainean, Israel herri oso-osoak zerbitzatuko nau. Han gogoz onartuko zaituztet, eta opari bereziak, eskaintza aukeratuak eta emaitza sakratuak eskatuko dizkizuet. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

41. Opari atsegingarri gisa onartuko zaituztet, herrien artetik atera eta sakabanaturik zaudeteneko herrialdeetatik bilduko zaituztedanean. Zuen alde agertuko dut neure santutasuna jentil-herrien aurrean.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 20