Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 20:22-32 Elizen Arteko Biblia (EAB)

22. Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.

23. Basamortuan zin eginez agindu nien nazioen artean sakabanatu eta herrialdeen artean barreiatuko nituela.

24. Eta hori, ez zituztelako nire erabakiak bete, eta bai nire legeak mespretxatu, larunbata hautsi eta idoloak gurtu.

25. Orduan, nik ere onak ez ziren legeak eman nizkien, eta bizira eramaten ez zuten erabakiak.

26. Eta beren oparigaiez kutsatzen utzi nituen, eta lehen-semeak idoloen ohorez erretzen, horrela, izu-ikaraturik, ni naizela Jauna aitor zezaten.

27. «Horregatik, gizaseme, hitz egin Israel herriari eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Gainera, zuen gurasoek iraindu egin ninduten beren desleialkeriaz.

28. Zin eginez agindu nien lurraldean sarrarazi nituenean, aurrean topatutako muino garai guztietan eta zuhaitz mardul guztien azpian aurkeztu zituzten beren sakrifizioak eta eskaintza iraingarriak, bertan eskaini opari atsegingarriak eta isur-opariak.

29. Orduan, esan nien: “Zer da zuek joaten zareteneko muino hori?” Eta “Muino” —sasikultu-leku— deitu izan dute gaur arte.

30. «Horregatik, adierazi Israel herriari nire, Jainko Jaun honen, mezua: Zuek ere kutsatu egin zarete gurasoen jokabideari jarraituz; beraien idolo higuingarriak gurtuz, desleial izan zarete:

31. zeuen oparigaiak eskaini dizkiezue, zeuen seme-alabak haien ohorez erre. Zeuen idolo guztiekin kutsatu zarete gaur arte, eta zuek, israeldarrok, niri kontsulta egitea onartu behar al dut? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten.

32. «Zuen buruetan dagoena ez da inoiz gertatuko. Beste herrialdeetako nazio eta leinuak bezalako izatea nahi duzue, zurezko eta harrizko jainkoak zerbitzatuz.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 20