Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 20:2-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Orduan, honela mintzatu zitzaidan Jauna:

3. «Gizaseme, hitz egin Israelgo arduradunei eta adierazi nire, Jainko Jaun honen, mezua: Niri kontsulta egitera etorri zarete? Nik, Jainko Jaunak, zin dagit neure biziarengatik, ez dizuedala utziko niri kontsulta egiten.

4. Eta zuk, epai itzazu, epaitu, gizaseme! Aurpegira iezaiezu beren gurasoen jokaera higuingarria.

5. «Nire mezu hau adieraziko diezu: Israel aukeratu nuen egunean, zin eginez lotu nintzaien Jakoben ondorengoei: neure burua ezagutarazi nien Egipto herrialdean eta, zin eginez, Jauna, beraien Jainkoa, izango nintzela agindu nien.

6. Egun hartan, Egiptotik aterako nituela agindu nien zin eginez, eta beraientzat aukeratua nuen herrialdera, esnea eta eztia darizkion lurraldera, guztien artean ederrenera, eramango nituela.

7. Hau eskatu nien: “Bazter itzazue liluratzen zaituzteten Egiptoko idolo higuingarriak, ez zaitezte horiekin kutsa; neu naiz Jauna, zuen Jainkoa”.

8. Baina nire kontra altxatu eta ez zidaten entzun nahi izan; inork ez zituen baztertu Egiptoko idolo higuingarriak, haien lilurapean baitzeuden. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, Egipton bertan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen.

9. Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak bizi zireneko nazioen artean, hauen aurrean agertu bainintzaien haiei Egiptotik atera nituenean.

10. «Beraz, Egiptotik atera eta basamortura eraman nituen.

11. Neure legeak eman nizkien eta erabakiak ezagutarazi, betetzen dituenari bizia ematen diotenak.

12. Larunbata ere eman nien, atseden-eguna, nire eta haien arteko elkartasun-seinale izateko, eta jakin zezaten nik, Jaunak, sagaratu nituela.

13. Baina Israel herria kontra altxatu zitzaidan basamortuan; ez zuten nire legeen arabera jokatu, eta nire erabakiak —betetzen dituenari bizia ematen diotenak— mespretxatu zituzten; larunbata ere etengabe hautsi zuten. Orduan, neure sumina haien gain, basamortuan, isuri eta haiek suntsitzea pentsatu nuen.

14. Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.

15. Basamortuan zin eginez agindu nien ez nituela sartuko eman nien lurraldean, esnea eta eztia zerizkion eta guztietan ederrena zen lurraldean.

16. Eta hori, nire erabakiak mespretxatu zituztelako, ez zutelako nire legeen arabera jokatu eta bai nire larunbatak hautsi; izan ere, haien bihotzak idoloei atxikiak zeuden guztiz.

17. Baina errukitu egin nintzen eta ez suntsitzea erabaki; ez nituen garbitu basamortuan.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 20