Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 20:10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

10. «Beraz, Egiptotik atera eta basamortura eraman nituen.

11. Neure legeak eman nizkien eta erabakiak ezagutarazi, betetzen dituenari bizia ematen diotenak.

12. Larunbata ere eman nien, atseden-eguna, nire eta haien arteko elkartasun-seinale izateko, eta jakin zezaten nik, Jaunak, sagaratu nituela.

13. Baina Israel herria kontra altxatu zitzaidan basamortuan; ez zuten nire legeen arabera jokatu, eta nire erabakiak —betetzen dituenari bizia ematen diotenak— mespretxatu zituzten; larunbata ere etengabe hautsi zuten. Orduan, neure sumina haien gain, basamortuan, isuri eta haiek suntsitzea pentsatu nuen.

14. Halere, ez nuen egin, baizik eta neure izenaren ohorez jokatu nuen, nire izena belztua izan ez zedin israeldarrak Egiptotik ateratzen ikusi ninduten nazioen artean.

15. Basamortuan zin eginez agindu nien ez nituela sartuko eman nien lurraldean, esnea eta eztia zerizkion eta guztietan ederrena zen lurraldean.

16. Eta hori, nire erabakiak mespretxatu zituztelako, ez zutelako nire legeen arabera jokatu eta bai nire larunbatak hautsi; izan ere, haien bihotzak idoloei atxikiak zeuden guztiz.

17. Baina errukitu egin nintzen eta ez suntsitzea erabaki; ez nituen garbitu basamortuan.

18. «Orduan, esan nien haien seme-alabei basamortuan: “Ez jokatu gurasoen legeen arabera, ez jarraitu horien ohiturei, ez kutsatu horien idoloekin.

19. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa: jokatu nire legeen arabera, saiatu nire erabakiak betetzen.

20. Sagaratu niri larunbata: nire eta zuen arteko elkartasun-seinale da, jakin dezazuen neu naizela Jauna, zuen Jainkoa”.

21. Baina seme-alabak ere nire kontra altxatu ziren; ez zuten nire legeen arabera jokatu, ez ziren nire erabakiak —betetzen dituenari bizia ematen diotenak— betetzen saiatu. Nire larunbata hautsi zuten. Orduan, neure haserre-sumina beraien gain, basamortuan, hustu arte isurtzea pentsatu nuen.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 20