Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 16:7-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Zelaietako belarra bezain mardul hazarazi zintudan; hazi, handia egin eta sasoira iritsi zinen: bularrak hazi zitzaizkizun eta biloxka atera; baina jantzirik gabe zeunden, larrugorrian.

8. Zure ondotik berriro pasatu eta amodio-garaian zeundela ikusi nuen. Zure gorputz biluzia estali eta zutaz arduratu nintzen; ezkontza-hitzarmena egin nuen zurekin eta nirea izan zinen. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

9. Uretan garbitu zintudan, estaltzen zintuen odola kenduz, eta olio usaintsuz lurrindu.

10. Jantzi bordatuak eman nizkizun, larru finezko oinetakoak, lihozko gerrikoa eta zetazko gainjantzia.

11. Bitxiz apaindu zintudan: eskumuturrekoak jarri nizkizun, katea lepoan,

12. eraztuna sudurrean, belarritakoak eta diadema zoragarria buruan.

13. Urre eta zilarrezkoak ziren zure bitxiak, liho fin eta zetazkoak zure jantzi bordatuak. Irin garbiz, eztiz eta olioz elikatzen zinen. Ezin ederrago bihurtu zinen, erregina baten pareko.

14. Nazioartera zabaldu zen zure edertasunaren ospea, erabatekoa baitzen neuk eman nizkizun apaingarriengatik. Honela diot nik, Jainko Jaunak.

15. «Baina zeure edertasun eta ospeaz baliatuz, prostituzioan hasi zinen, zeure gorputza edonori eskainiz.

16. Zeure jantziak hartu eta sasikultu-lekuak apaintzeko erabili zenituen, beraietan prostituzioan jardunez —sekula gertatu behar ez zuen gauza—.

17. Nik emandako urre eta zilarrezko bitxi zoragarriak hartu eta gizon-irudiak egin zenituen, beraiekin prostituzioan jarduteko.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 16