Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 16:35-46 Elizen Arteko Biblia (EAB)

35. «Jerusalem emagaldu, entzun Jaunaren hitza!

36. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure xarmak guztiei banatu eta zeure maitale eta idolo higuingarri horiekin guztiekin prostituzioan jarduteko zeure gorputza biluztu duzulako, eta zeure seme-alabak ere horien ohorez hil dituzulako,

37. zuregandik atsegina hartu duten maitale guztiak elkartuko ditut, zuk maitaturiko guztiak eta gorrotaturikoak ere bai; alde guztietatik bilduko ditut zure kontra, eta beraien aurrean biluzik agerraraziko zaitut, goitik behera ikus zaitzaten.

38. Adulteriogileen eta hiltzaileen zigorra emango dizut eta, zeure desleialkeriagatik haserre eta amorruz, heriotzara kondenatuko.

39. Zeure maitaleen esku utziko zaitut; zure prostituzio-lekuak suntsitu eta eraitsiko dituzte; soinekoak erantzi, bitxi zoragarriak kendu eta jantzirik gabe utziko zaituzte, larrugorrian.

40. Zure aurka xaxatuko dute jendetza: harrika emango dizute, ezpataz zeharkatuko

41. eta zure etxeak erreko. Zure aurkako epaia beteko dute, emakume askoren aurrean; nik amaiaraziko ditut zure prostituzioak, eta ez duzu gehiago saririk emango.

42. Neure sumin guztia hustuko dut zure gain; gero, zure desleialkeriak niregan sortutako jeloskortasuna aldendu egingo da zuregandik, baretu egingo naiz eta ez naiz gehiago haserretuko.

43. Haurtzaroko egunak gogoan izan ez dituzulako eta gauza horiekin guztiekin zirikatu nauzulako, nik ere zigortu egingo zaitut zeure jokabideagatik. Honela diot nik, Jainko Jaunak. Zeren eta iraindu egin bainauzu higuingarritasun hauekin guztiekin.

44. «Begira, jendeak esaera hau esango du zutaz: “Nolako ama, halako alaba”.

45. Senarra eta haurrak zapuztu zituen amaren alaba zara zu, eta senarrak eta haurrak zapuztu zituzten ahizpen ahizpa. Zuen ama hitita zen eta aita amortarra.

46. Zure ahizpa zaharrena Samaria da, bere hiriekin zure iparraldera bizi dena. Zure ahizpa txikiena Sodoma, bere hiriekin zure hegoaldera bizi dena.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 16