Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 16:26-37 Elizen Arteko Biblia (EAB)

26. Egiptoarrekin, zeure ondoko gizonkote horiekin, prostituzioan jardun zenuen; horrela, lizunkeriak ugalduz, iraindu egin ninduzun.

27. Orduan, eskua luzatu nuen zu zigortzeko. Zure bizigaiak murriztu eta zeure etsai filistear hirien esku utzi zintudan, haiek ere lotsatu egiten zirelarik zure jokaera iraingarriaz.

28. Eta asegaitz, asiriarrekin ere prostituzioan jardun zenuen; baina, halere, ez zinen ase.

29. Hurrengo, merkatarien herrialdean, Babilonian, saiatu zinen prostituzioan; halere, ez zinen ase.

30. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Ai, nola sumintzen nintzen zure kontra gauza horiek guztiak burutzen zenituenean, emagaldu amorratuenak bezala jokatuz!

31. Bideburu eta plaza guztietan prostituzio-lekuak eraiki zenituen; baina ez zenuen emagalduek ohi bezala jokatu, baztertu egiten baitzenuen lansaria.

32. Ai emazte adulteriogile hori, zeure senarraren ordez arrotzak hartzen dituzuna!

33. Emagaldu orori ematen zaio saria; zuk, ordea, zeuk eman zenizkien opariak zeure maitaleei; zeuk eskaini zenien dirua zuregana etor zitezen, zurekin lizunkeriak egitera.

34. Zuk, zeure prostituzioan, beste emakumeek ez bezala jokatu zenuen; ez ziren maitaleak zure bila ibiltzen; hartu ordez, zeuk ematen zenien dirua, ohi denaren kontrakoa eginez.

35. «Jerusalem emagaldu, entzun Jaunaren hitza!

36. Hau diot nik, Jainko Jaunak: Zeure xarmak guztiei banatu eta zeure maitale eta idolo higuingarri horiekin guztiekin prostituzioan jarduteko zeure gorputza biluztu duzulako, eta zeure seme-alabak ere horien ohorez hil dituzulako,

37. zuregandik atsegina hartu duten maitale guztiak elkartuko ditut, zuk maitaturiko guztiak eta gorrotaturikoak ere bai; alde guztietatik bilduko ditut zure kontra, eta beraien aurrean biluzik agerraraziko zaitut, goitik behera ikus zaitzaten.

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 16