Itun Zaharra

Itun Berria

Ezekiel 12:16-28 Elizen Arteko Biblia (EAB)

16. Baina haien artetik batzuk —gerratik, gosetik eta izurritik ihes egindako batzuk— bizirik utziko ditut, joango diren nazioetan beren jokaera higuingarriak konta ditzaten; eta horrela jakingo dute atzerritarrek ni naizela Jauna».

17. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

18. «Gizaseme, egin dar-dar ogia jatean, azaldu estu eta larri ura edatean.

19. Gero, adierazi herriko jendeari nik, Jainko Jaunak, Israelgo eta Jerusalemgo biztanleentzat diodana: Larri jango dute beren ogia eta izu-ikaraz edango ura, herrialdea suntsiturik eta jende gabe geldituko baita, bertako biztanleen indarkeriagatik.

20. Hiri jendetsuak errausturik eta herrialdea suntsituta geldituko dira. Orduan jakingo dute ni naizela Jauna».

21. Honela mintzatu zitzaidan Jauna:

22. «Gizaseme, zer da Israeli buruz darabilzuen esaera hori: “Eguna joan eta eguna etorri, baina ikuskaririk betetzen ez”?

23. Adieraz iezaiezu nire, Jainko Jaun honen, mezua: Nik kenduko dut esaera hori, ez da berriz Israelen errepikatuko. Baina beste hau ere adierazi: Hurbil da eguna, ikuskari guztiak beteko direnekoa.

24. Ez da jadanik ikuskari hutsalik eta iragarpen gezurtirik izango Israel herrian.

25. Nik, Jaunak, hitz egingo dut eta esaten dudana luzatu gabe beteko. Zuek, herri errebeldea, bizi zareten bitartean betearaziko dut esandakoa. Nik, Jainko Jaunak, esana».

26. Beste hau ere esan zidan Jaunak:

27. «Gizaseme, hona zer dioen Israel herriak: “Honen ikuskariak oso gerorako dira, epe luzerako beronen profeziak”.

28. Esan, bada, nik, Jainko Jaunak, diodan hau: Ez da nire hitzik atzeratuko, bete egingo da esaten dudana. Nik, Jainko Jaunak, esana».

Irakurri kapitulu osoa Ezekiel 12