Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 9:7-10-21 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7-10. hauen artean Hamedataren seme Hamanen, juduen etsai izanaren, hamar semeak: Parxandata, Dalfon, Aspata, Porata, Adalias, Aridata, Parmaxta, Arisai, Aridai eta Baizata. Hala ere, ez zizkieten ondasunak kendu.

11. Egun berean jakinarazi zioten erregeari zenbat lagun hil zuten Susa hirian.

12. Erregea, orduan, honela mintzatu zitzaion Ester erreginari:—Susa hirian juduek bostehun gizaseme eta Hamanen hamar semeak hil eta garbitu baldin badituzte, zenbat hil ote dituzte erregearen gainerako eskualdeetan? Hala ere, beste zer nahi duzu eskatu? Emango dizut; zuk zer nahi, huraxe egingo da.

13. Esterrek ihardetsi zion:—Erregeak ongi baderitzo, utz diezaiela Susako juduei bihar ere gaurko aginduaren arabera egiten, eta zintzilika ditzatela urkabean Hamanen hamar semeen gorpuak.

14. —Egin bedi horrela —agindu zuen erregeak.Eman zuten agindua Susan, eta zintzilikatu zituzten Hamanen hamar semeen gorpuak.

15. Susako juduak, berriz, bildu ziren Adar hilaren hamalauan ere, eta hirurehun gizaseme hil zituzten Susan; hala ere, ez zituzten haien ondasunak ostu.

16. Erregearen gainerako eskualdeetan ere bildu ziren juduak beren biziak etsaiengandik babesteko; hirurogeita hamabost mila hil zituzten beren etsaietarik, baina ez zituzten haien ondasunak harrapatu.

17. Adar hilaren hamahiruan gertatu zen hau eta hamalauan atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.

18. Susako juduak, aldiz, hamahiruan eta hamalauan bildu ziren etsaiak hiltzeko, eta hamabostean atseden hartu zuten, otordu- eta jaiegun bihurtuz.

19. Hona, bada, zergatik egiten duten jaiegun Adar hilaren hamalaua herri eta auzoetan sakabanaturik bizi diren juduek, otordu alaiak eratuz eta elkarri esku-erakutsiak bidaliz.

20. Mardokeok idatziz eman zituen gauza hauek eta Asuero erregearen agintepeko eskualde orotako judu guztiei gutunak igorri zizkien, nola urrutikoei hala hurbilekoei.

21. Adar hilaren hamalaua eta hamabosta urtero jai egiteko agintzen zien.

Irakurri kapitulu osoa Ester 9