Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10

Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 6 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Haman Mardokeo ohoratzera behartua

1. Gau hartan bertan, loak hartu ezinik zegoen erregea. Erresumako Kronika Liburua ekartzeko agindu zuen, eta irakurtzen hasi zitzaizkion.

2. Han zegoen idatzia, nola salatu zituen Mardokeok Bigtan eta Terex, Asuero erregea hiltzeko asmotan ibili ziren bi gelazain laguntzaile haiek.

3. Erregeak galdegin zuen, orduan:—Zein ohore, zein sari eman zitzaion Mardokeori horrengatik?Zerbitzariek erantzun zioten:—Ez zitzaion deus ere eman.

4. Erregeak galdetu zuen:—Nor da hor atarian?Hain zuzen, orduantxe zetorren Haman kanpoko atarira, prestatua zegoen urkabean Mardokeo zintzilikatzeko erregeari eskatzera.

5. Zerbitzariek erantzun zioten:—Haman da atarian dagoena.—Sar bedi! —esan zien erregeak.

6. Sartu zen, bada, Haman, eta erregeak galdegin zion:—Zer egin behar litzaioke erregeak ohoratu nahi duen bati?Hamanek berekiko: «Nor ohoratu nahi ote du erregeak ni neu izan ezik?»

7. Eta erantzun zion erregeari:—Erregeak ohoratu nahi duenari?

8. Ba, erregeak soinean eraman dituen jantziak eman behar litzaizkioke, erregeak erabili duen zaldiren bat eskaini eta errege-koroa buruan ezarri.

9. Erregearen funtzionario nagusienetakoren batek soinekoak hartu eta erregeak ohoratu nahi duenari janzten lagundu beharko lioke; gero, zaldi gainera igoarazi eta hiriko kale nagusian barrena erabili beharko luke, beraren aurretik honela oihukatuz: «Hona hemen zer egiten zaion erregeak ohoratu nahi duen gizonari!»

10. Erregeak, orduan, Hamani:—Azkar, hartu jantziak eta zaldia, esan duzun bezala, eta egin hori Mardokeori, atarian dagoen juduari. Ez utzi bete gabe esan duzun xehetasun bat ere.

11. Hartu zituen, bada, Hamanek soinekoak eta zaldia, jantzarazi zizkion Mardokeori eta zaldi gainean erabili zuen hiriko kale nagusian barrena, beraren aurretik honela oihukatuz: «Hona hemen zer egiten zaion erregeak ohoratu nahi duen gizonari!»

12. Ondoren, Mardokeo jauregi aurrera itzuli zen; Haman, berriz, bere etxera joan zen lasterka, atsekabeturik eta burumakur.

13. Bere emazte Zerexi eta adiskide guztiei adierazi zien gertatu zitzaiona. Bere adiskide jakintsu haiek eta emazteak esan zioten:—Mardokeo judu izanik, beraren aurrean atzeraka hasi baldin bazara, ezin izango duzu deus ere horren aurka. Aitzitik, hondoraino eroriko zara horren aurrean.

14. Oraindik solasean ari zirelarik, erregearen laguntzaile batzuek agertu eta berehala eraman zuten Haman, Esterrek prestatua zuen otordura.