Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 4:3-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Izugarrizko atsekabea zegoen, erregearen esanaren eta erabakiaren berri izan zuten eskualde guztietako juduen artean. Barau, negar eta aiene egin zuten eta haietarik asko zaku eta errauts gainean etzan zen.

4. Neskameak eta irenak Esterri joan zitzaizkion horren guztiaren berri ematera. Erregina erabat nahigabetu zen. Eta soinekoak bidali zizkion Mardokeori, dolu-jantzia erantzi eta haiek jantzi zitzan; Mardokeok, ordea, ez zuen nahi izan.

5. Deitu zuen Esterrek Hatak, bere zerbitzura erregeak jarri zizkion irenetariko bat, eta Mardokeogana igorri zuen, zer gertatzen eta zergatik zen jakitera.

6. Hala, irten zen Hatak Mardokeoren bila, jauregi aurrean zegoen plazara.

7. Gertatzen ari zen guztiaren berri eman zion Mardokeok; juduak suntsitzearen ordain, Hamanek erregearen gordailurako zenbateko dirutza agindua zuen ere jakinarazi zion.

8. Susa hirian aldarrikatua zegoen suntsitze-aginduaren kopia ere eman zion, Esterri erakutsi eta berri emateko; gainera, agindu hau eman zion Esterri: joan zedila erregeagana, beronen onginahia eskuratu eta bere herritarren alde egiteko.

9. Itzuli zen Hatak eta adierazi zion Esterri Mardokeok esana.

10. Esterrek Mardokeogana bidali zuen berriro Hatak, erantzun honekin:

11. «Erregearen funtzionario orok eta erreinuko eskualdeetako jende guztiak daki hau: deitua izan gabe erregeagana, jauregi barneko atarira, sartzen dena, gizaseme nahiz emakume, hiltzera kondenatzen duela legeak, baldin eta erregeak urrezko bere makila halakoaren gainera luzatzen ez badu. Niri dagokidanez, bada hilabete bat erregeak beregana deitu ez nauela».

12. Mardokeok, Esterren erantzuna jakitean,

13. hau esateko agindu zuen: «Ez uste izan, erregearen jauregian bizi zarelako, juduen zoritxarrari zeuk bakarrik ihes egingo diozunik.

14. Une honetan, hitzik egin gabe, isilik gelditzen bazara, etorriko zaie juduei norbaiten laguntza eta salbatuko dira; orduan, zu eta zeure etxekoak galdu egingo zarete. Gainera, batek daki ez ote zaren erregina izatera iritsi, hain zuzen ere, honelako une baterako!»

15. Esterrek erantzun hau bidali zion Mardokeori:

Irakurri kapitulu osoa Ester 4