Itun Zaharra

Itun Berria

Ester 2:14-23 Elizen Arteko Biblia (EAB)

14. Ilunabarrean sartzen zen jauregira, eta biharamun goizean beste harem batera joan ohi zen, Xaaxgaz-en, erregearen emakume-zain zen irenaren, ardurapean jarriz. Ez zen berriro erregearen aurrera agertuko, erregeak bera desiratu eta deitu ezik.

15. Heldu zitzaion, bada, Esterri, Mardokeok alabatzat hartua zuen bere osaba Abihailen alabari, erregearen aurrera agertzeko txanda. Horretarako, emakume-zain zen Hegaik, erregearen irenak, esan ziona baizik ez zuen eskatu Esterrek. Ikusten zuten guztien onginahia bereganatzen zuen.

16. Asueroren erregealdiaren zazpigarren urteko hamargarren hilean, hots, Tebet hilean, eraman zuten Ester erregearen aurrera.

17. Erregeak maiteago izan zuen Ester beste emakume guztiak baino; honek bereganatu zituen, beste neskatxa guztien artean, erregearen onginahia eta amodioa. Berari ezarri zion buruan erregina-koroa, eta erregina egin zuen Baxtiren ordez.

18. Ondoren, otordu handia eman zien erregeak buruzagi eta funtzionarioei, Esterren omenez. Zergak arindu zituen eskualdeetan, eta erregeari dagokion oparotasunez banatu zituen erregaliak.

19. Neskatxak haremera bigarren aldiz bildu zirenean, Mardokeo atezain zegoen erregearen jauregian.

20. Esterrek ez zuen adierazi zein herri eta zein jatorritakoa zen; hala baitzion Mardokeok agindua eta bete egiten zuen hark Mardokeoren esana, beraren ardurapean zegoenean bezalaxe.

21. Egun haietan, Mardokeo jauregiko atezain zelarik, Bigtan eta Terex, gelazain ziren erregearen bi laguntzaileak, Asuero erregea hiltzeko asmotan zebiltzan, oso haserre baitzeuden.

22. Mardokeok, asmo honen berri izan zuenean, Ester erreginari jakinarazi zion, eta Esterrek erregeari, Mardokeoren izenean.

23. Ikerketa eginik, egia zela ikusi zen. Urkatu zituzten biak, eta idatzi egin zuten gertatua Erresumako Kronika Liburuan erregearen aginduz.

Irakurri kapitulu osoa Ester 2