Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 5:12-17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

12. baina gure gurasoek zeruetako Jainkoa haserrarazi zutelako, Babiloniako errege Nabukodonosor kaldearraren esku utzi zituen; etxe hau hondatu eta gatibu eraman zuen herria Babiloniara.

13. Babiloniako errege Zirok, ordea, bere erregealdiaren lehen urtean, Jainkoaren etxea berriro eraikitzeko agindu zuen.

14. Horrez gainera, itzuli egin zituen urre eta zilarrezko ontziak, Nabukodonosorrek Jerusalemgo tenplutik kendu eta Babiloniako jauretxera eramandakoak; Babiloniako jauretxetik atera eta gobernari izendatu zuen Xexbatzar zeritzon gizon bati eman zizkion.

15. Ontzi haiek hartu eta Jerusalemgo tenplura eramateko esan zion eta Jainkoaren etxea lehengo toki berean eraikitzeko.

16. Orduan, Xexbatzar Jerusalemera etorri zen eta Jainkoaren etxearen oinarriak jarri zituen. Harrezkero, etxea eraikitzen ari gara, eta oraindik ez dugu bukatu”.

17. Orain, bada, erregeak ongi baderitzo, azter bezate Babiloniako errege-artxiboan, Jerusalemen Jainkoaren etxe hau eraikitzeko agindua Zirok eman zuen ala ez; eta eman guri erregeak erabakiaren berri».

Irakurri kapitulu osoa Esdras 5