Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 9:5-15 Elizen Arteko Biblia (EAB)

5. Ofrara, bere aitaren etxera, joan eta bere anaiak, Jerubaalen hirurogeita hamar semeak, hil zituen, denak harri beraren gainean. Jerubaalen semerik gazteena, Jotam, besterik ez zen gelditu, gorde egin baitzen.

6. Orduan, Sikemgo nagusi guztiak eta Bet-Miloko jendea bildu eta Sikemgo zutarriaren aldamenean dagoen arteondo ingurura joan ziren Abimelek errege izendatzera.

7. Jotamek, hori jakitean, Garizim mendi-gailurrera igo eta esan zuen garrasika: «Entzudazue, Sikemgo nagusiok, eta Jainkoak entzun diezazuela zuei!

8. «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: “Izan hadi gure errege!”

9. Baina olibondoak erantzun zien: “Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

10. «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikondoari: “Izan hadi gure errege!”

11. Baina pikondoak erantzun zien: “Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

12. «Ondoren, zuhaitzek esan zioten mahatsondoari: “Izan hadi gure errege!”

13. Baina mahatsondoak ihardetsi zien: “Eta bai jainkoak, bai gizon-emakumeak pozten dituen neure ardoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”

14. «Azkenik, zuhaitzek elorriari esan zioten: “Izan hadi gure errege!”

15. Elorriak erantzun zien: “Egiaz zeuen errege izendatu nahi banauzue, zatozte, babestu nire itzalpean; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait”».

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 9