Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 9:48-56 Elizen Arteko Biblia (EAB)

48. Abimelek Tzalmon mendira igo zen bere gizon guztiekin. Hartu zuen aizkora eskuan, zuhaitz-adar bat ebaki eta, bizkarrean harturik, esan zion bere jendeari: «Bizkor, egin zuek ere nik egin dudana».

49. Gizonek, adar bana ebakirik, Abimeleki jarraitu zioten eta, adarrak kripta gainean pilatu ondoren, su eman zioten kriptari. Barruan zen Sikemgo Dorreko jende guztia hil zen, mila gizon-emakume inguru.

50. Ondoren, Abimelekek Tebetzera jo, hiria setiatu eta hartu egin zuen.

51. Baina bazen hiriaren erdian dorre gotortu bat eta han babestu ziren hiriko nagusiak, bertako gizon eta emakume guztiekin; atea itxi eta dorre gaineko sabaira igo ziren.

52. Abimelek, dorreraino heldurik, eraso eta su emateko asmoz ateraino hurbildu zenean,

53. emakume batek errotarria buru gainera jaurti eta burezurra hautsi zion.

54. Orduan, Abimelekek esan zion bere ezkutariari: «Atera ezpata eta hil nazak! Ez dezatela esan emakume batek hil nauela». Ezkutariak ezpata sartu eta hil egin zuen.

55. Abimelek hila ikustean, israeldarrak nor bere herrira joan ziren.

56. Horrela itzuli zion Jainkoak Abimeleki, bere hirurogeita hamar anaiak hil zituenean aitari eginiko kaltea.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 9