Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 9:34-48 Elizen Arteko Biblia (EAB)

34. Gau hartan bertan, Abimelek eta beronen jende guztia jaiki eta Sikemgo inguruetan gorde ziren, lau taldetan antolaturik.

35. Ebeden seme Gaal irten eta hiriko sarreran gelditu zenean, Abimelek ere atera egin zen gordelekutik bere gizon guztiekin.

36. Jende hura ikustean, Gaalek esan zion Zebuli:—Begira, gudari-taldea dator mendian behera!Baina Zebulek ihardetsi zion:—Bai zera! Gizonak iruditzen zaizkizu, baina mendiaren itzalak dira.

37. Gaalek, ordea, berriro:—Baietz! «Lurraren Zilborra» deritzan mendixkan behera dator talde bat, eta Aztien Arteondorako bidetik beste bat.

38. Orduan, Zebulek:—Non duk heure harrokeria, ahozabal horrek? Ez al huen, bada, esaten Abimelek ez dela inor gu beraren zerbitzari izateko? Ez al da hori gutxietsi huen gudarostea? Joan hadi orain eta borrokatu beraren kontra!

39. Atera zen, bada, Gaal Sikemgo nagusien aurretik Abimeleken kontra borrokatzera;

40. baina Abimelekek pertsegitu egin zuen eta Gaal ihesi joan zen. Ugari izan ziren hiriko sarrera bitartean eroriak.

41. Ondoren, Abimelek Aruman gelditu zen bizitzen eta Zebulek bota egin zituen Gaal eta beronen senideak Sikemdik, bertara itzultzea debekatuz.

42. Biharamunean, Sikemgo gudarostea landara irtetekoa zela jakin zuelarik, Abimelekek,

43. bere gudariak hartu eta, hiru taldetan banaturik, zelatan jarri zituen landan. Eta jendea hiritik ateratzen ari zela ikustean, eraso eta xehatu egin zuen.

44. Abimelekek bere taldearekin aurreratu eta hiriko sarrera hartu zuen; bitartean, beste bi taldeek landara atera zirenei eraso eta xehatu egin zituzten.

45. Egun osoan gudukatu zen Abimelek hiriaren kontra, hartu eta hango bizilagun guztiak hil zituen arte. Gero, hiria desegin eta gatzez estali zuen.

46. Sikemgo Dorreko nagusiak, hori jakitean, Berit jainkoaren jauretxe azpiko kriptan gorde ziren.

47. Sikemgo Dorreko nagusiak non bildu ziren jakin zuenean,

48. Abimelek Tzalmon mendira igo zen bere gizon guztiekin. Hartu zuen aizkora eskuan, zuhaitz-adar bat ebaki eta, bizkarrean harturik, esan zion bere jendeari: «Bizkor, egin zuek ere nik egin dudana».

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 9