Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 9:25-36 Elizen Arteko Biblia (EAB)

25. Abimeleki kalte egiteko, Sikemgo nagusiek gizon-taldeak ipini zituzten mendi-gailurretan, inguruetako bideetatik zihoazenei lapurretan egiteko. Abimelekek izan zuen horren berri.

26. Hortan, etorri zen Sikemera Gaal izeneko bat, Ebeden semea, eta Sikemgo nagusien konfiantza bereganatu zuen.

27. Landara irtenik, mahatsa bildu eta zapaldu ondoren, festak antolatu zituzten; beren jainkoen jauretxean sartu eta jan-edanean ari izan ziren, Abimelek madarikatuz.

28. Ebeden seme Gaalek esan zuen: «Zer da Abimelek hori Sikemgoontzat, gu beraren morroi izateko? Jerubaalen semea besterik ez, eta Zebul, beraren ordezkaria! Izan zaitezte Sikem hiriaren sortzaile den Hamorren zerbitzari! Zergatik izan behar dugu Abimelek horren zerbitzari?

29. Herri honen buru egingo baninduzue, berehala urrunaraziko nuke Abimelek hori. Bere gudarostea indartu eta borrokara ateratzeko esango nioke».

30. Hiriko gobernari zen Zebul, Ebeden seme Gaalek esandakoa entzutean, biziki haserretu zen.

31. Eta isilean mezulariak igorri zizkion Abimeleki, esatera: «Ebeden seme Gaal bere senideekin Sikemera etorri eta hiri hau zure kontra asaldatzen ari da.

32. Jaiki zaitez gauez zeure jendearekin eta jarri zelatan landan.

33. Goizean goiz, eguzkia ateratzean, abia zaitez eta eraso hiriari. Gaal bere jendearekin zuri aurre egitera ateratzean, egiozu egokien iruditzen zaizuna».

34. Gau hartan bertan, Abimelek eta beronen jende guztia jaiki eta Sikemgo inguruetan gorde ziren, lau taldetan antolaturik.

35. Ebeden seme Gaal irten eta hiriko sarreran gelditu zenean, Abimelek ere atera egin zen gordelekutik bere gizon guztiekin.

36. Jende hura ikustean, Gaalek esan zion Zebuli:—Begira, gudari-taldea dator mendian behera!Baina Zebulek ihardetsi zion:—Bai zera! Gizonak iruditzen zaizkizu, baina mendiaren itzalak dira.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 9