Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 8:4-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Gedeonek eta bere hirurehun gizonek Jordan ibaia igaro zuten. Nekatuak zeuden, baina jarraitu egin zuten madiandarren ondoren.

5. Sukot hirira heldurik, esan zien hango bizilagunei:—Eman, mesedez, talo batzuk nirekin datozen gizonei, nekaturik baitaude. Madiandarren errege Zebah eta Tzalmunaren atzetik gabiltza.

6. Baina Sukoteko buruzagiek erantzun zioten:—Atzeman al dituzu, bada, Zebah eta Tzalmuna? Ez! Hortaz, zer dela-eta eman behar diogu jaten zure gudari-taldeari?

7. Gedeonek esan zien:—Ongi da. Baina Jaunak Zebah eta Tzalmuna nire esku uztean, basamortuko otez eta garduz urratuko zaituztet.

8. Handik Penuel hirira igo eta gauza bera esan zien hangoei ere; baina Sukoteko jendeak bezalaxe erantzun zioten Penuelgoek.

9. Eta haiei ere esan zien Gedeonek:—Garaile etortzean, eraitsi egingo dut zuen dorre hau.

10. Zebah eta Tzalmuna Karkor hirian ziren beren gudarostearekin. Hamabost mila gizon besterik ez zuten; izan ere, ekialdeko jendearen gudarosteko ehun eta hogei mila gudari galduak ziren.

11. Nobah eta Jogbohako ekialdean zegoen nomaden bidea hartu, ustekabean eraso eta xehatu egin zuen Gedeonek etsaien gudarostea.

12. Madiango bi erregeek, Zebahek eta Tzalmunak, ihes egin zuten; baina Gedeonek pertsegitu eta harrapatu egin zituen, eta izutua utzi zuen gudaroste osoa.

13. Hereserako aldapan gora borrokatik itzultzean, Joaxen seme Gedeonek

14. Sukoteko gazte bat atzeman eta galdeketa egin zion. Gazteak idatziz eman zizkion Sukoteko buruzagi eta arduradunen izenak, orotara hirurogeita hamazazpi gizonen izenak.

15. Orduan, Sukoteko jendearengana hurbildu eta esan zien:—Iraindu egin ninduzuen, Zebah eta Tzalmuna atzeman nituen galdetuz, eta ukatu egin zenieten janaria nekatuak zeuden nire gizonei. Hona, hemen dituzue Zebah eta Tzalmuna!

16. Ondoren, hiriko arduradunak hartu eta zigorkatu egin zituen otez eta garduz.

17. Gero, Penuelgo dorrea eraitsi eta hil egin zuen hango jendea.

18. Orduan, galdetu zien Zebah eta Tzalmunari:—Zer itxura zuten Taborren hil zenituzten gizonek?Haiek erantzun zioten:—Zure antzekoak ziren; errege-seme ziruditen denek.

19. Gedeonek, orduan:—Nire anaiak, gure amaren semeak! Ala Jauna, bizirik utzi izan bazenituzte, ez zintuzketedan hilko orain.

20. Gero, bere lehen-seme Jeterri agindu zion:—Tira, hil itzak!Mutilak, ordea, ez zuen atera ere egin ezpata; artean gazte izanik, beldur baitzen.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 8