Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 8:18-35 Elizen Arteko Biblia (EAB)

18. Orduan, galdetu zien Zebah eta Tzalmunari:—Zer itxura zuten Taborren hil zenituzten gizonek?Haiek erantzun zioten:—Zure antzekoak ziren; errege-seme ziruditen denek.

19. Gedeonek, orduan:—Nire anaiak, gure amaren semeak! Ala Jauna, bizirik utzi izan bazenituzte, ez zintuzketedan hilko orain.

20. Gero, bere lehen-seme Jeterri agindu zion:—Tira, hil itzak!Mutilak, ordea, ez zuen atera ere egin ezpata; artean gazte izanik, beldur baitzen.

21. Orduan, Zebah eta Tzalmuna beraiek esan zioten.—Tira, hil gaitzak heuk, hi bezalako gizon ausartari zegokiok eta!Eta hala, Gedeonek hil zituen Zebah eta Tzalmuna; gero, gameluek lepoan zeramatzaten apaindurak hartu zituen.

22. Israeldarrek esan zioten Gedeoni:—Madiandarren menpetik libratu gaituzunez gero, izan zaitez gure gobernari, baita zure ondorengoak ere gero.

23. Gedeonek ihardetsi zien:—Ez nauzue gobernari izango, ezta nire semea ere; Jauna izanen duzue agintari!

24. Eta jarraitu zuen esaten:—Baina gauza bat eskatu nahi dizuet: zuetako bakoitzak eman diezadala eraztun bana, etsaiei harrapaturiko horietatik.Izan ere, etsaiek urrezko eraztunak zeramatzaten, basamortuko jendea zenez.

25. Israeldarrek esan zioten:—Bai, emango dizkizugu.Eta, soingaineko bat zabaldurik, bertara bota zuen nork bere harrapakinetarik eraztun bana.

26. Gedeoni eman zizkioten urrezko eraztunek hogei kilo pisatu zuten, apaindurak, belarritakoak, Madiango erregeek zeramatzaten purpurazko jantziak eta gameluek lepoan zeramatzaten lepokoak kontatu gabe.

27. Urre harekin irudi bat egin eta Ofran, bere herrian, ipini zuen Gedeonek; israeldar guztiek irudi hura adoratu zuten, Jainkoarekin desleial jokatuz. Irudi hura galbide gertatu zitzaien Gedeoni eta beronen senitartekoei.

28. Horrelaxe menderatu zituzten, bada, israeldarrek madiandarrak; aurrerantzean hauek ez zuten burua berriro altxatu ahal izan.Israeldar herrialdea bakean bizi izan zen berrogei urtez, Gedeon bizi izan zen artean.

29. Joaxen seme Gedeon, izengoitiz Jerubaal, bere etxera itzuli eta bertan bizi izan zen.

30. Emazte asko zuenez, hirurogeita hamar seme-alaba izan zituen.

31. Sikemen bizi zuen ohaideak ere seme bat eman zion, eta Abimelek deitu zuen.

32. Hil zen Joaxen seme Gedeon, zahartzaro ederra igaro ondoren, eta bere aita Joaxen hilobian ehortzi zuten, Ofran, abiezertarren hirian.

33. Gedeon hil ondoren, Jauna zapuztu eta idoloak gurtu zituzten berriro israeldarrek, Baal-Berit beren jainkotzat hartuz.

34. Ez ziren oroitu, inguruko etsai guztien eskuetatik libratu zituen Jaunaz, beren Jainkoaz,

35. eta ez ziren leial izan Jerubaal-Gedeonen senitartekoekin, hark israeldarrei hainbeste on egin zien arren.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 8