Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 7:4-11 Elizen Arteko Biblia (EAB)

4. Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeinek jarraituko duten zurekin eta zeinek alde egin beharko duten».

5. Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».

6. Hirurehun gizonek eraman zuten ura ahora eskuetan harturik; beste guztiak belaunikatu egin ziren ura edateko.

7. Jaunak esan zion Gedeoni: «Ura eskutik edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskura emanez. Gainerako jendea doala nor bere etxera».

8. Gedeonek Israelgo gizon gehienak bidali zituen nor bere etxera, hirurehun haiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jakiak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zegoen, lautadan.

9. Gau hartan Jaunak esan zion Gedeoni: «Jaiki eta jaits zaitez etsaien kanpalekura; eskura emanen dizkizut.

10. Joateko beldur bazara, hartu Pura zeure morroia eta joan biok kanpalekura.

11. Entzun han esaten ari direna, eta kemena hartuko duzu etsaiei erasotzeko».Jaitsi zen, beraz, Gedeon Pura bere morroiarekin kanpalekuko lehen gudari-taldeak zeuden ingurura.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 7