Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 7:2-18 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Jaunak esan zion Gedeoni: «Gudaroste handiegia dakarzu, madiandarrak zuri eskura nik emateko. Harrotu egingo litzaidake Israel, garaipena bere eskuz lortu duela pentsatuz.

3. Esaiozu jendeari: “Beldur-ikaraz dagoenak alde egin beza Galaad menditik eta itzul bedi etxera”».Hogeita bi mila gizon etxera itzuli eta hamar mila gelditu ziren.

4. Jaunak, ordea, esan zion Gedeoni: «Oraindik ere gehiegi dira. Jaitsarazi gizonak errekara eta han probatuko ditut. Neuk esanen dizut zeinek jarraituko duten zurekin eta zeinek alde egin beharko duten».

5. Gedeonek jendea errekara jaitsarazi zuenean, Jaunak esan zion: «Bereiz itzazu ura eskuan hartu eta zakurrek bezala miazkatuz edango dutenak, edateko belauniko jarriko direnengandik».

6. Hirurehun gizonek eraman zuten ura ahora eskuetan harturik; beste guztiak belaunikatu egin ziren ura edateko.

7. Jaunak esan zion Gedeoni: «Ura eskutik edan duten hirurehun gizon horien bidez salbatuko zaituztet, madiandarrak eskura emanez. Gainerako jendea doala nor bere etxera».

8. Gedeonek Israelgo gizon gehienak bidali zituen nor bere etxera, hirurehun haiekin bakarrik geldituz; hauek beren lagunen jakiak eta adarrak hartu zituzten. Madiandarren kanpalekua israeldarrena baino beherago zegoen, lautadan.

9. Gau hartan Jaunak esan zion Gedeoni: «Jaiki eta jaits zaitez etsaien kanpalekura; eskura emanen dizkizut.

10. Joateko beldur bazara, hartu Pura zeure morroia eta joan biok kanpalekura.

11. Entzun han esaten ari direna, eta kemena hartuko duzu etsaiei erasotzeko».Jaitsi zen, beraz, Gedeon Pura bere morroiarekin kanpalekuko lehen gudari-taldeak zeuden ingurura.

12. Madiandarrak, amalektarrak eta basamortuko jendea, larrapoteak bezain ugari, lurrean etzanak zeuden; haien gameluak ere zenbatu ezin hainbat ziren, itsasertzeko hondarra bezain ugari.

13. Gedeon etsaien kanpalekura hurbildu zenean, gudari bat bere ametsa kontatzen ari zitzaion lagunari:—Amets egin dut, garagar-ogi bat biribilka zihoala madiandarren kanpalekuan barrena; oihal-etxola batera heltzean, jo eta irauli egin du, eta oihal-etxola azpikoz gora erori da.

14. Lagunak erantzun zion:—Joaxen seme Gedeon israeldarraren ezpata da hori. Madiandarrok eta gure kanpaleku osoa horren esku utzi ditu Jainkoak.

15. Ametsa eta esanahia entzun zituenean, Gedeonek, makurtuz, Jainkoa gurtu zuen. Gero, israeldarren kanpalekura itzuli zen oihuka:—Jaiki! Gure esku utzi du Jaunak madiandarren kanpalekua!

16. Gedeonek hiru taldetan banatu zituen hirurehun gizonak eta, adarrak eta barruan lastargiak zeuzkaten pegar hutsak emanik,

17. esan zien:—Ni kanpaleku-ertzera heltzean, begira niri eta egin nik egingo dudana.

18. Nik eta nire taldeak adarrak jotzean, jo zuek ere kanpalekuaren inguru guztian eta egin oihu: «Jaunarengatik! Gedeonengatik!»

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 7