Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 7:19-25 Elizen Arteko Biblia (EAB)

19. Gauerdi inguruan, zaintzaileak aldatu berri zirelarik, heldu zen Gedeon bere ehun gizonekin kanpaleku ondora, eta adarrak jotzen eta eskuetan zeramatzaten pegarrak hausten hasi ziren.

20. Orduan, hiru gudari-taldeek ere adarrak jo eta pegarrak hautsi zituzten. Gero, lastargia ezkerrean eta adarra eskuinean zeramatzatela, oihu egin zuten: «Eraso! Jaunarengatik eta Gedeonengatik!»

21. Israeldarrak kanpaleku inguruan nor bere tokian zeudelarik, kanpalekukoak lasterka, garrasika eta iheska hasi ziren.

22. Hirurehun haiek adarrak jotzen ari ziren bitartean, elkarren kontra borrokarazi zituen Jaunak madiandarrak. Orduan, kanpalekuko guztiek ihes egin zuten Bet-Xitara, Tzereda aldera, eta Abel-Mehola erreka bazterrera, Tabat ondora.

23. Neftali, Axer eta Manases leinuetako israeldarrak bildurik, madiandarren atzetik joan ziren.

24. Gedeonek mezulariak bidali zituen Efraimen leinua bizi zen mendietara, esatera: «Jaitsi eta egin aurre madiandarrei! Har itzazue haiek baino lehen Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet-Bararaino!»Efraimen leinuko gizon guztiek bildu eta hartu zituzten Jordan ibaia igarotzeko ibiak Bet-Bararaino.

25. Bi buruzagi madiandar atzeman zituzten: Oreb eta Zeeb. Eta biak, lehenengoa Oreben haitza deritzan tokian eta bigarrena Zeeben dolarea deritzan tokian hil ondoren, madiandarren atzetik joan ziren. Azkenean, Gedeoni eraman zizkioten Oreben eta Zeeben buruak, Jordanez beste aldetik.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 7