Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 3:8-22 Elizen Arteko Biblia (EAB)

8. Sutu egin zen Jaunaren haserrea Israelen kontra, eta Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimen esku utzi zituen. Zortzi urtez izan ziren israeldarrak Kuxan-Rixataimen menpeko.

9. Orduan, israeldarrek oihu egin zioten Jaunari eta honek salbatzaile bat bidali zien: Kenazen seme eta Kaleben anaia gazteena, Otniel; honek salbatu zituen.

10. Jaunak bere espiritua eman zion Otnieli eta honek gobernatu zuen Israel. Borroka egin zion Mesopotamia Garaiko errege Kuxan-Rixataimi eta, Jaunak eskura eman ziolarik, Otnielek menderatu egin zuen.

11. Israel herrialdea bakean egon zen berrogei urtez, harik eta Kenazen seme Otniel hil zen arte.

12. Jaunari atsegin ez zaiona egin zuten berriro israeldarrek; horregatik, israeldarrak zigortzeko, Moabeko errege Eglon indartu zuen Jaunak.

13. Amondarrak eta amalektarrak berekin harturik, joan eta menderatu egin zituen Eglonek israeldarrak eta Palmondoen hiria eskuratu zuen.

14. Hemezortzi urtez egon ziren israeldarrak Moabeko errege Eglonen menpe.

15. Orduan, israeldarrek Jaunari dei egin eta Jaunak salbatzailea sorrarazi zuen haientzat: Gera-ren seme Ehud, benjamindarra; ezkertia zen.Israeldarrek Ehud bidali zuten Moabeko errege Egloni zerga ordaintzera.

16. Ehudek aho biko ezpata, metro erdi bat luzekoa, egin zuen eta jantzien azpian lotu, eskuineko izter ondoan.

17. Aurkeztu zion, bada, zerga Moabeko errege Egloni —Eglon oso gizena zen—

18. eta, zerga eman ondoren, bidelagunekin batera itzuli egin zen;

19. baina Gilgal ondoan dauden idoloetara heltzean, berriro itzuli eta esan zion erregeari:—Errege jauna, isilpeko mandatua dakarkizut.Erregeak esan zien berekin zeuden zerbitzariei:—Ixo! Alde zuek!Alde egin zutenean,

20. Eglonengana hurbildu zen Ehud. Erregea beretzat bakarrik zuen goiko gela freskoan zegoen eseria. Ehudek esan zion:—Jainkoaren mandatua dut zuretzat.Erregea jaiki egin zen aulkitik.

21. Orduan, Ehudek ezker-eskua luzatu, eskuineko izterrean zekarren ezpata hartu eta sabelean sartu zion erregeari

22. oso-osorik, kirten eta guzti; gantzek estali egin zuten ezpata, Ehudek ez baitzuen atera erregearen sabeletik. Ondoren, leihotik atera zen,

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 3