Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 20:31-44 Elizen Arteko Biblia (EAB)

31. Atera ziren benjamindarrak israeldarrei aurre egiteko eta urrutiratu egin ziren beren hiritik. Aurrekoetan bezala, israeldarrak hiltzen hasi ziren landan, Betelerako bidean eta Gibearako bidean; hogeita hamarren bat israeldar bota zituzten.

32. Benjamindarrek zioten: «Menperatu ditugu aurrekoetan bezala». Israeldarrek, aldiz, zioten: «Egin dezagun ihes; horrela, erakarri egingo ditugu, hiritik urrunaraziz bideetan zehar».

33. Israeldarrak beren tokiak utzirik, guda-lerrotan antolatu ziren Baal-Tamar hiriaren aurrean. Zelatan zeuden israeldarrek, beren gordelekua utzirik, babesik txikiena zuen aldetik eraso zioten hiriari.

34. Bitartean, aukerako hamar mila gudari, Israel osokoak, Gibearen aurrez aurre jarri ziren. Gudua latza izan zen eta benjamindarrak ez ziren ohartu gainera zetorkien hondamenaz.

35. Jaunak hondatu egin zituen benjamindarrak israeldarren aurrean. Hogeita bost mila eta ehun benjamindar gudari trebe hil zituzten egun hartan israeldarrek.

36. Orduan konturatu ziren benjamindarrak galduak zeudela.Israeldarrek atzera egin zuten benjamindarren aurrean, Gibeari erasotzeko gorderik zeuden zelatariengan baitzuten konfiantza.

37. Zelatariek eraso zioten oldarka Gibeari, zabaldu ziren eta hiriko jende guztia hil zuten ezpataz.

38. Israeldar gudariek eta zelatariek hitza emana zioten elkarri, zelatariek ke-seinalea igoaraziko zutela hiritik

39. eta israeldar gudariek, orduan, aurre egingo zietela benjamindarrei. Hauek, ordurako, hilak zituzten hogeita hamarren bat gizon israeldar eta pentsatzen ari ziren, aurreko gudukatzeetan bezala, menderatuak zituztela israeldarrak.

40. Baina ke-seinalea hiritik gora ateratzen hasi zenean, benjamindarrek atzera begiratu eta hiri osoa zerurainoko sugarretan zegoela ikusi zuten.

41. Orduan, israeldarrak itzuli ziren eta benjamindarrak izuturik gelditu, ikusi baitzuten nolako hondamena zetorkien.

42. Eta ihesari eman zioten israeldarren aurretik, basamorturako bidea hartuz; baina israeldarrek eta hiritik zetozen beste gudariek, bien erdian harrapaturik, xehatu egin zituzten

43. benjamindarrak, eta inguratu, pertsegitu eta Gibearen ekialderaino atsedenik eman gabe oinperatu zituzten.

44. Hemezortzi mila gudari benjamindar ausart erori ziren.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 20