Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 20:3-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

3. Israeldarrak Mitzpan batzarturik zeudela jakin zuten benjamindarrek. Israeldarren batzarrak gaiztakeria hura nola gertatu zen jakin nahi izan zuen.

4. Orduan, lebitar hark, hil zuten emakumearen senarrak, esan zuen: «Benjamineko Gibeara joan nintzen neure ohaidearekin, gaua bertan igarotzeko asmoz.

5. Hortan, Gibeako jauntxoak asmo txarrez etorri zitzaizkidan eta etxea inguratu zidaten gauez. Ni hil nahi ninduten, baina nire ohaidea bortxatu zuten, hil arte.

6. Orduan, ohaidearen gorpua hartu, zatikatu eta Israelgo lurralde guztietara igorri nituen puskak. Izan ere, israeldarrontzat zitalkeria higuingarria egin zuten haiek.

7. Hemen zaudeten israeldarrok, hitz egin zeuen artean eta hartu erabakia».

8. Herri osoak, aho batez, esan zuen: «Ez dadila inor ere joan bere oihal-etxolara, ez dadila itzul bere etxera.

9. Gibea hiriari eraso egin behar diogu, nork egin zozketatu ondoren.

10. Eta Israelgo leinu guztietan ehunetik hamar, milatik ehun, hamar milatik mila lagun bereiziko ditugu, Israelen halako itsuskeria egin duen Benjamingo Gibeari erasoko diotenei janaria ekar diezaieten».

11. Horrela, Israelgo gizon guztiek bat egin zuten, Gibea hiriaren kontra joateko.

12. Israeldar leinuetakoek mandatariak bidali zituzten Benjaminen leinuaren lurralde osora, esatera: «Nolako gaiztakeria gertatu da zuen artean?

13. Tira, emazkiguzue Gibeako gizon maltzur-gaizto horiek; hil egin behar ditugu, Israeldik gaitz hori kentzeko».Baina benjamindarrek ez zieten entzun nahi izan beren senide israeldarrei.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 20