Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 20:28-47 Elizen Arteko Biblia (EAB)

28. eta Aaronen ondorengoetakoa zen Eleazarren seme Pinhasek zuen kultu-zerbitzua. Honako hau galdegin zioten Jaunari:—Ekin behar al diogu berriro geure senide benjamindarren kontrako borrokari ala utzi egin behar dugu?Jaunak erantzun zien:—Ekin! Eta bihar eskura emango dizkizuet.

29. Israeldarrek zelatan jarri zituzten gudari batzuk Gibea inguruan.

30. Aurrekoetan bezala, hirugarren egun hartan ere, israeldarrak guda-lerrotan jarri ziren, benjamindarren kontra borrokatzeko eta Gibea hiriari erasotzeko.

31. Atera ziren benjamindarrak israeldarrei aurre egiteko eta urrutiratu egin ziren beren hiritik. Aurrekoetan bezala, israeldarrak hiltzen hasi ziren landan, Betelerako bidean eta Gibearako bidean; hogeita hamarren bat israeldar bota zituzten.

32. Benjamindarrek zioten: «Menperatu ditugu aurrekoetan bezala». Israeldarrek, aldiz, zioten: «Egin dezagun ihes; horrela, erakarri egingo ditugu, hiritik urrunaraziz bideetan zehar».

33. Israeldarrak beren tokiak utzirik, guda-lerrotan antolatu ziren Baal-Tamar hiriaren aurrean. Zelatan zeuden israeldarrek, beren gordelekua utzirik, babesik txikiena zuen aldetik eraso zioten hiriari.

34. Bitartean, aukerako hamar mila gudari, Israel osokoak, Gibearen aurrez aurre jarri ziren. Gudua latza izan zen eta benjamindarrak ez ziren ohartu gainera zetorkien hondamenaz.

35. Jaunak hondatu egin zituen benjamindarrak israeldarren aurrean. Hogeita bost mila eta ehun benjamindar gudari trebe hil zituzten egun hartan israeldarrek.

36. Orduan konturatu ziren benjamindarrak galduak zeudela.Israeldarrek atzera egin zuten benjamindarren aurrean, Gibeari erasotzeko gorderik zeuden zelatariengan baitzuten konfiantza.

37. Zelatariek eraso zioten oldarka Gibeari, zabaldu ziren eta hiriko jende guztia hil zuten ezpataz.

38. Israeldar gudariek eta zelatariek hitza emana zioten elkarri, zelatariek ke-seinalea igoaraziko zutela hiritik

39. eta israeldar gudariek, orduan, aurre egingo zietela benjamindarrei. Hauek, ordurako, hilak zituzten hogeita hamarren bat gizon israeldar eta pentsatzen ari ziren, aurreko gudukatzeetan bezala, menderatuak zituztela israeldarrak.

40. Baina ke-seinalea hiritik gora ateratzen hasi zenean, benjamindarrek atzera begiratu eta hiri osoa zerurainoko sugarretan zegoela ikusi zuten.

41. Orduan, israeldarrak itzuli ziren eta benjamindarrak izuturik gelditu, ikusi baitzuten nolako hondamena zetorkien.

42. Eta ihesari eman zioten israeldarren aurretik, basamorturako bidea hartuz; baina israeldarrek eta hiritik zetozen beste gudariek, bien erdian harrapaturik, xehatu egin zituzten

43. benjamindarrak, eta inguratu, pertsegitu eta Gibearen ekialderaino atsedenik eman gabe oinperatu zituzten.

44. Hemezortzi mila gudari benjamindar ausart erori ziren.

45. Atzea eman eta basamorturantz, Rimon harkaitzerantz, ihes egin zutenetarik ere bost mila gizon harrapatu zituzten bidean israeldarrek eta gainerakoak Gidomeraino pertsegitu, beste bi mila hilez.

46. Egun hartan hogeita bost mila gudari benjamindar erori ziren, denak gizon ausartak.

47. Atzera egin eta Rimon harkaitzeraino ihes egitea lortu zutenak seiehun gizon izan ziren, eta lau hilabetez egon behar izan zuten bertan.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 20