Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 2:1-10 Elizen Arteko Biblia (EAB)

1. Jaunaren aingeruak Gilgaldik Bokimera igo eta esan zion herriari: «Egiptotik irtenarazi zaituztet eta zeuen gurasoei zin eginez hitzemaniko lurraldera sartu. Esana nizuen: “Ez dut sekula hautsiko zuekin egin dudan ituna;

2. eta zuek ez duzue inolako itunik egingo lurralde honetako jendearekin, baizik eta haien aldareak desegingo dituzue”. Zuek, aldiz, nire esana aditu beharrean, zer egin duzue?

3. Beraz, hau diotsuet: Ez ditut jende horiek botako zuen aurretik; ondoan izanen dituzue eta beraien jainkoak tranpa gertatuko dira zuentzat».

4. Jaunaren aingeruak israeldarrei esandako hitzok entzutean, herri osoak negarrari eman zion uluka.

5. Horregatik, toki hari Bokim deitu zioten, hau da, «Negartiak». Gero, opariak eskaini zizkioten bertan Jaunari.

6. Josuek bidali egin zuen herria, eta israeldarrak nor bere lurraldearen jabetza hartzera joan ziren.

7. Josue bizi izan zen bitartean, israeldarrek Jauna gurtu zuten; Josue hil ondoren bizirik jarraitu eta Jaunak Israelen alde eginiko egintza handiak ikusiak zituzten arduradunak bizi izan ziren bitartean ere bai.

8. Ehun eta hamar urte zituelarik hil zen Josue, Nunen semea, Jaunaren zerbitzaria.

9. Beraren jabegoa zen lurraldean ehortzi zuten, Timnat-Heres hirian, Efraimgo mendialdean, Gaax mendiaren iparraldera.

10. Hil zen, ordea, orduko belaunaldi hura ere, eta ondoren etorritako belaunaldiak ez zuen ezagutu Jauna, ezta Jaunak Israelen alde egina ere.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 2