Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21

Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 17 Elizen Arteko Biblia (EAB)

DANEN LEINUA (17,1—18,31)

Mikaren santutegia

1. Bazen Efraimgo mendialdean Mika izeneko gizon bat.

2. Behinola esan zion amari:—Oroitzen al zara nola ostu zizkizuten zilarrezko mila eta ehun txanpon? Madarikazioa bota zenuen orduan nire aurrean. Begira, neuk ditut txanpon haiek, neuk ostu bainizkizun. Tori dirua!Amak esan zion:—Bedeinka zaitzala Jaunak, ene seme!

3. Orduan, amari eman zizkion zilarrezko mila eta ehun txanponak; baina amak esan zion:—Jaunari eskainia nion zilar hau zure alde, ene seme, zurezko idoloa metalez jantzia egiteko.

4. Semeak itzuli zion dirutik zilarrezko berrehun txanpon hartu eta zilargin bati eman zizkion amak eta zurezko idoloa metalez jantzia egin zuen zilarginak, eta Mikaren etxean ezarri zuten.

5. Mikak santutegi bat zuen eta, efod apaiz-jantzia eta etxe-jainkoen irudiak eginarazi ondoren, bere semeetariko bati apaiz-eginkizuna eman zion, beraren apaiz izan zedin.

6. Aldi hartan ez zen erregerik Israelen eta bakoitzak ongien iruditzen zitzaiona egin ohi zuen.

7. Bazen Judako Belenen Judaren leinuko gazte lebitar bat; etorkin gisa bizi zen han.

8. Gazte hark alde egin zuen Belendik, beste nonbait bizitzeko. Ibilian-ibilian, Efraimgo mendialdera heldu zen, Mikaren etxera.

9. Mikak galdetu zion:—Nondik zatoz?Hark erantzun:—Judako Belengo lebitar bat nauzu, beste nonbait bizitzeko asmotan.

10. Mikak, orduan:—Geldi zaitez nirekin; kontseilaritzat hartuko zaitut, nire apaiz izanen zara. Ordainez, urtean zilarrezko hamar txanpon, jantzi-multzoa eta jatekoa emango dizkizut.

11. Lebitarrak onartu zuen gizon haren etxean bizitzea, eta gizonak bere semeetako bat bezala hartu zuen.

12. Mikak apaiz-eginkizuna eman zion lebitarrari; horrela, gazte hura Mikaren apaiz bilakatu zen eta beraren etxean gelditu bizitzen.

13. Mikak pentsatu zuen: «Orain bai izanen dudala Jauna neure alde, lebitarra baita nire apaiza».