Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 16:7-20 Elizen Arteko Biblia (EAB)

7. Samsonek erantzun:—Lehortu gabeko zazpi soka berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein gizon bezalakoa izango.

8. Eraman zizkioten filistearren buruzagiek emakumeari lehortu gabeko zazpi soka berri eta lotu zuen emakumeak Samson.

9. Gelan gizon batzuk zelatan zeudelarik, Dalilak esan zion Samsoni: «Horra! Filistearrak!» Samsonek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa-haria suak ukitzean eten ohi den bezala. Eta ez zuten jakin nondik zuen halako indarra.

10. Dalilak, orduan, Samsoni:—Barre egin duzu nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.

11. Samsonek erantzun zion:—Behin ere erabili gabeko lokarri berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

12. Gela batean gizon batzuk zelatan zeudelarik, lokarri berriak hartu, Samson lotu eta esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Baina Samsonek lokarri berriak ere eten egin zituen, hariak bailiran.

13. Dalilak esan zion:—Barre egin duzu berriro ere nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.Samsonek erantzun:—Nire buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ehulearen ziriaz lotuko bazenitu, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

14. Orduan, lo harrarazi eta buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ziriaz lotu ondoren, esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Samsonek, ordea, esnatu eta eten egin zituen ziria, ehulearen ardatza eta ehundura ere.

15. Dalilak, orduan:—Maite nauzula diozu eta ez zara nitaz fidatzen. Hiru aldiz egin duzu barre nire lepotik, eta oraindik ez didazu esan nondik duzun horrelako indarra.

16. Dalila, egunero, nazkatzeraino galdezka ari zitzaionez, bizitzaz ere asperturik,

17. aditzera eman zion Samsonek bere baitan zeraman isilpekoa: «Ez dit labanak inoiz ere ilea moztu, “nazireu” bainaiz, hau da, Jaunarentzat sagaratua, neure amaren sabeletik. Ilea moztuko balidate, indarra galdu eta ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango».

18. Dalilak, egi-egia esan ziola oharturik, filistearren buruzagiei dei egin eta esan zien:—Zatozte, oraingoan azaldu baitit bere barrua.Hala, etorri ziren filistearren buruzagiak emakumeagana, dirua eskuan zekartela.

19. Eta Dalilak, Samsoni bere belaunetan lo harrarazirik, gizon bati dei egin zion buruko zazpi ile-mototsak mozteko. Samsoni indarrak alde egin zionean, Dalila hura astintzen hasi zen,

20. esanez: «Horra! Filistearrak, Samson!» Esnatu zen Samson eta aurrekoetan bezala libratuko zela uste izan zuen; baina ez zekien Jaunak zapuztua zuela.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 16