Itun Zaharra

Itun Berria

Epaileak 16:2-13 Elizen Arteko Biblia (EAB)

2. Gazakoek, Samson han zela jakitean, inguratu zuten eta gau osoan zelatan egon zitzaizkion hiriko sarreran. Gau osoan geldi egon ziren, eguna argitzean hiltzeko asmotan.

3. Samson, ordea, gauerdiraino baizik ez zen egon ohean; gauerdian jaiki eta hiri-sarrerako bi ateak beren zango, ataga eta guzti orpotik atera eta bizkarrean harturik, Hebronen aurrean dagoen mendi-gailurreraino jaso zituen.

4. Aldi baten buruan, Sorek ibarrean bizi zen emakume batez maitemindu zen Samson; emakumeak Dalila zuen izena.

5. Filistearren buruzagiek emakumeagana joan eta esan zioten:—Atera iezaiozu azpikeriaz Samsoni nondik duen halako indarra eta nola harrapa dezakegun, lotu eta menderatzeko. Bakoitzak mila eta ehun zilarrezko txanpon emango dizkizugu.

6. Dalilak esan zion Samsoni:—Esadazu nondik duzun horrelako indarra eta nola lotu zaitzaketen zu menderatzeko.

7. Samsonek erantzun:—Lehortu gabeko zazpi soka berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein gizon bezalakoa izango.

8. Eraman zizkioten filistearren buruzagiek emakumeari lehortu gabeko zazpi soka berri eta lotu zuen emakumeak Samson.

9. Gelan gizon batzuk zelatan zeudelarik, Dalilak esan zion Samsoni: «Horra! Filistearrak!» Samsonek, ordea, eten egin zituen sokak, iztupa-haria suak ukitzean eten ohi den bezala. Eta ez zuten jakin nondik zuen halako indarra.

10. Dalilak, orduan, Samsoni:—Barre egin duzu nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.

11. Samsonek erantzun zion:—Behin ere erabili gabeko lokarri berriz lotuko banindute, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

12. Gela batean gizon batzuk zelatan zeudelarik, lokarri berriak hartu, Samson lotu eta esan zion Dalilak: «Horra! Filistearrak, Samson!» Baina Samsonek lokarri berriak ere eten egin zituen, hariak bailiran.

13. Dalilak esan zion:—Barre egin duzu berriro ere nire lepotik; gezurra esan didazu. Esadazu nola lot zaitzaketen.Samsonek erantzun:—Nire buruko zazpi ile-mototsak ehuna egiteko hariaz batera eho eta ehulearen ziriaz lotuko bazenitu, ahuldua geldituko nintzateke eta beste edozein bezalakoa izango.

Irakurri kapitulu osoa Epaileak 16